"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Rochefort Atlantiko aldeko Frantziako herri dotorea da, itsasoari begira bizi dena. Garai bateko frantziar armadaren loriaren ohartzuna dakarkigute bere itsas museoak, bere gotorlekuak eta bere kale zabalek, inguruan bizitzera behartutako ofizialentzat propio altxatutako etxe xume baina dotoreekin. Herrian bertan Pierre Loti idazle eta militar ezagunaren sorterriko etxea bisitatu daiteke. Oroigarrien artean, Afrika iparraldean bizi izan zeneko garaiko dekorazioa, erabat demodé eta arkaikoa. Ez dago urruña aldeko Crucita Gaintzaren oroitzapenaren arrastorik, ezta harekin izan zituenhiru semeren berririk dakienik ere. Lotuk berak zioenez, euskal arraza eta bere odola nahasteko eduki zituen seme sasiko horiek.
Ramuntcho edo Le Pays Basque lanak idatzi zituen militar btxieta erromantiko honen sorterrian filmatu zen Les demoiselles de Rochefort, Jacques Demy zuzendari frantziarraren lan bitxienetako bat, famatuenetako bat eta baita alaienetako bat ere, zalantzarik gabe, Les parapluies de Cherbourg lanarekin batera. Filma Delphine eta Solange Garnier ahizpa bikien dantza eta musika akademiaren lasaitasun alai eta koloretsuaren inguruan eraikita dago. Baina Frantziako probintzietako herri bat horixe da, herri bat, eta bi ahizpek Paris dute gogoan.Demyk Hollywoodeko musikalen giroa nahi zuen berez oso frantziarra den filmarentzat, eta Gene Kelly izar handiarekin lan egin zuen.Ezin esan Kellyren amerikartasun axolagabe samarrak oso bat egiten duenik Catherine Deneuve eta bere ahizparen izotzezko dotoreziarekin, baina aktoreen lana ez da film honen baliorik handiena. Ezta, non eta itsas aldeko Charente euritsuan, Proventzakoak ematen dituzten kaleen eta jantzien koloreen anakronikotasuna ere.
Film hau erakargarri egiten duena da musikal batek eduki behar dituen dohainak badituela, eta zuzendariak maisuki erabiltzen dituela. Koreografia, erritmoaren banaketa, zinema baliabideen erabilera —esaterako kanpoko giroak eta akademia barruko dantza eta musikaldiak nahasten dituenean—. “Zuen konbinazioak gehiegizkoak dira” esaten dio Kellyk berak Deneuvek interpretatzen duen ahizpetako bati, honen esfinge aurpegiaren aurrean liluratuta.
Demy nouvelle vague deitu izan zen ordezkari sailkaezinena izan zen, baina kritikak eta ikusleek biziki txalotu zituzten bere lan ia guztiak.Aurten, hain zuzen ere,Rocheforten hainbat ekitaldi antolatu dira lana filmatu zenetik 25. urteurrena ospatzeko. Les demoiselles hau da, behintzat, irribarre batekin ikus daitekeenetako bat.Kezka guztien gainean kantatu eta dantzatzeko gogoa aldarrikatzen zuen asmo bukoliko samarraren adibidea. “Eraman nazazu
zurekin, hiriburua ezagutuko dut horrela” esaten dio bizkietako batek bere adiskideari, filmaren amaieran.
A.B.