"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Brian Epstein enpresaria izan zen, askoren ustez, bosgarren Beatle-a. Martin Scorseserentzat, George Harrison hirugarrena izan zen. John Lennonen eta Paul McCartneyren jenialtasunari oreka eta zentzua ematen zien musikari bikaina zelako; beste bien jardunari zentzua ematen ziolako; taldea meditaziorako eta Indiako musikekiko zaletu zuena zelako; eta, bide batez esanda,gitarrarekin iaioena zelako. Eta, hala ere, bera da Beatles guztietan ezezagunena.
Orain, zuzendari estatubatuarrak, milaka grabazio ordu eta dokumentu ugari begiratu ondoren, haren gaineko dokumentala burutu du,baina,egiazki, hiru ordu eta erdi irauten duen lan honetan islaturik agertzen den istorioa taldearena da, itxuraz ez baita erraza The Beatles taldeko kide bakoitza besteengandik erauztea. Parte guztiek lotura indartsuegiak balituzte bezala osotasunarekin. George Harrisonek berak kontatzen du txiste baten bidez: “The Beatlesekoek bonbilla bat aldatu nahi badute, nork egiten du? Laurok”.
Scorseseren zaletasuna musikarekiko ezaguna da. The Band taldearen The Last Waltz mitikoa egin ondoren, gogoan hartzeko modukoa da Bob Dylani buruz egin zuen No Direction Home, eta baita Shine a light ere, Rolling Stones taldeari buruz. Denetan erakutsi zuen zinemaren hizkuntza ederki menperatzen duela, baina hori jakina zen noski. Dokumental hauen alderik harrigarriena eta azpimarragarriena da, ordea, material handia egoki txertatzeko eta, ia kasu guztietan, ikaragarri ezagunak diren musikari edo talde horiei buruz alderdi ezezagunak agertzeko daukan maisutasuna.
Oraingo honetan ere, Liverpooleko taldearen zalerik beroenek ere alde berriak edo bitxiak ikusiko dituzte azpimarratuta. Batez ere,Harrisonek talde mitikoan izan zuen esku hartzea eta eragina ikusiko du inoiz ez bezala nabarmenduta. Ez taldeko bi liderren mailan jartzeraino, baina bai bien artean osatzen zuten mahaiaren hirugarren hanka gisa. “Uste duzu kanta guztiak ezagutzen dituzuela, une guztiak, bidaia guztiak. Baina oraindik bada kontatu gabeko istorio bat”.
“Entzutetsua, isila, ezezaguna, ameslaria”, dio Scorsesek. “Ero samarra zen,baina oso erakargarria, eta oso atsegina”, adiskide batek. Pertsona, musikariaren aurretik.
A.B.