"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostiako Zinemaldiak aro berri bati ekin dio eta garaian garaiko moduak bereganatuz interneteko sare sozialetara estekatu du hasiera galaren bilakaera. Joera berrietara egokitu bai, baina garai bateko alfonbra gorria berreskuratuz, hori bai. Marta Etura eta Barbara Goenaga aktoreak aldi berean birtualki eta hezur-haragizko bertsioetan, zorabiozko soineko aldaketak arteko, bizitasun handiz gidatu dute ekitaldia; zinemaren etorkizuna galaren hari nagusia izan delarik.
Zinema munduko hainbat pertsonaia ospetsuk aurrez grabaturiko bideo-sortetan zinearen etorkizunean sinesten dutela aitortzen zuten bitartean, Juan Diego Bottok Jordi Dauder aktore zendu berria ekarri du gogora; Walter Hill zinegile beteranoak zinearen geroa “nire alboan dago” adierazi du, ondoan zuen Ami Canaan Mann zuzendari gazteari laztan eginez. Jacques Demyren alargun Agnès Vardak benetako europar estilodun zinea erreibindikatu zuen, bere senarrak egiten zuena, hain zuzen ere.
Gainerako sailak aurkezteaz, besteren artean, Nagore Aranburu, Paula Echevarría edota Andoni Luis Aduriz –“etzazuela zinearekiko gustua gal”– arduratu dira, Azkenik, Epaimahai Ofizialeko kide guztiak taularatu eta ‘adorea’ berba hainbat hizkuntzatan ahoskatu dute, tupustuan. Hartara, Frances McDormandek epaimahaiburu parera une batez bazter utzi, eta Fargo filmeko Marge Gundersonen pertsonaia gogoangarria bereganatuz: “Adorea, kojones, zinearen geroari eusteko barrabillak behar dituzue”, eta olé, gaineratuko nuke nik.