"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Planteamendu sinple batetik abiatzen den istorio atsegina da Liu Hao txinatarraren Addicted to love pelikula, maitasuna eta ahaztea egunerokotasunarekin eta famili
kontuekin nahasten dituena.
Fabrikan lan egin ondoren erretiratuta dagoen zaharra familiarekin bizi da Beijingo industriagune zaharkitu batean. Egun batean, ahaztu ezin izan duen aurpegi bat ikusiko du: bere gaztaroko lehenengo maitearena.
Lehen enkontru hotz samar baten ondoren, biak elkar ikusten hasiko dira maiztasunez eta
ezkutuan, urteak pasa izan ez balira bezala.
Filmeko aktore gehienak ez dira aktore profesionalak, Liu hao zuzendariak prentsaurrekoan
azaldu duenaren arabera, eta bereziki zahar bikote protagonistaren kasuan azpimarratu duenez, beraien bizitza errealetik oso hurbil dagoen konposizio bat antzeztu dute: “Hilatebete igaro nuen beraiekin, elkar ezagutu eta filmatzeari ekin aurretik euren artean nolabaiteko kidetasuna sor zedin. Eta egia esan, errodajea bitartean hunkituta utzi gintuzten. Bien arteko sekuentziaren bat errodatzen genuen aldiro, amaitzerakoan beti txaloka hasten ginen lan-taldeko guztiak. Beraien benetako bizitza protagonizatzen ari zirela zirudien”.
Ahanzturaren ildotik
Alzheimerrak atxikirik dakarren ahanztura ardatz duelarik, zuzendariak istorio sentikorra kontatzen du, zeinean familia pertsonaia ezberdinen bizitzaren gunea den, hauen egoera sozial edo politikoa edonolakoa dela ere. Hala, bien arteko elkarrizketek garai zaharrak oroitzeko balioko dute hasieran; gero, komedia txikirako. Horrez gain, pelikularen aberastasun kromatikoak ere atentzioa ematen du.
“Txinako gizartea mundu izugarri zabala da, eta filman islatu nahi nuena –adierazi du zuzendariak– zera da, gizartea nola aldatzen ari den aparte utzita, guraso eta seme-alaben, senideen arteko harremak beti garrantzizkoena direla”.
Bestalde, filmeko ekoizle Teresa Kwongen aburuz: “Zahartzaroko maitasunari buruzko pelikula
hau abiaraztea oso zaila gertatu zaigu. Txinan, munduko leku gehienetan bezala, zinema komertziala nagusi baita eta hiru urte behar izan ditugu lan hau gauzatu ahal izateko”.
Sergio BASURCO