"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Fermín Muguruza nazioarteko musika panoramaren figura eztabaidaezinetako bat da. Jaiotzez irundarra, 80ko hamarkadaren hasieran euskal musikaren historian eragin handiena izan duen taldeetako bat sortu zuen: Kortatu. Konpromiso sozial eta politiko handiko banda honek gaztelaniaz abesten zuen hasieran, eta Muguruza euskara ikasten zihoan heinean, euskaraz abesten hasi zen, ska, punk eta reggae erritmoak baliatuta.
80ko hamarkadaren amaieran, etapa berria hasi zuen Fermín Muguruzak eta desagerturiko Egin irratian Igo Bolumena musika-irratsaioko esatari gisa aritzeaz gain, Negu Gorriak banda sortu eta kontzertuak ematen hasi zen Europan eta Ameriketan. Garai hartan Esan Ozenki zigilua sortu eta harekin argitaratu zituen bere diskoak; horretaz gain, hainbat bandari lagundu zien musikaren munduan aurrera egiten. Sei diskoren ondoren, taldea desegin egin zen eta bakarka hasi zen lanean hainbat artistarekin lankidetzak eginez eta musika estilo ugari aztertuz, hala nola, reggaea, funka, jazza eta musika elektronikoa.
2003an Jai Alai Katumbi Express munduko bira egin zuen Kortaturen garaitik bere lagun onenetako bat den Manu Chaorekin. Bira horretan beren karrera zabaletako abestiak nahastuta abestu zituzten. 2004an Fermin Muguruza Kontrabanda bere bandarekin eginiko nazioarteko biraren ondoren 2006an zigilu berria sortu zuen, TALKA, eta harekin grabatu zuen Euskal Herria Jamaika Clash lana Jamaikan, herri horretako musikari garrantzitsuekin. Orduan zuzendu zuen bere lehenengo dokumentala, Bass-que Culture, eta bertan diskoa Marley familiaren estudioetan grabatzeko prozesua irudikatu zuen.
2008an orain arte bere estudioko azken diskoa izan dena argitaratu zuen, Asthmatic Lion Sound systema, munduko 20 hiritan baino gehiagotan erregistratua eta Checkpoint Rock Canciones desde Palestina dokumentala zuzendu zuen, Donostia Zinemaldiko erreferentzietako bat bilakatu zena 2009an. Bestalde, El salto de Beamon film laburraren soinu-banda konposatu, Xomorroak (Bizitza Lorontzian)/Bichitos (La vida en el tiesto) antzezlanaren musika landu eta Jesús Garay zuzendariaren Mirant al Cel filmaren soinu-banda sortu du, eta arabiar herrialdeetako musikari buruzko dokumental sorta prestatzen ari da Al Jazeera Documentary Channel katearentzat.