"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lucy Walker, batez ere, zuzendu dituen lau dokumentalengatik da ezaguna: Devil’s Playground (2002), Blindsight (2006), Waste Land (2010) eta Countdown to Zero (2010). Azkeneko biak Sundancen estreinatu zituzten eta dokumental zuzendari batek jaialdi horretan urte berean bi film izan dituen lehenengo aldia izan zen.
Aurten Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Bereziak atalean izango den Countdown to Zero Canneseko Sail Ofizialean ere izan zen, lehiaketaz kanpoko emanaldi berezi batean.
Waste Land Sundanceko jaialdian eta Berlinekoan batera Publikoaren Saria irabazi duen lehen filma da, eta gainera, sari bera irabazi zuen Seattle, Full Frame, Provincetown, Paulinia, Durban eta Mauiko jaialdietan. Bestalde, Amnistia Internazionalaren Saria irabazi zuen Berlinen eta Durbanen, baita Dallaseko zinema jaialdiko Target Best Documentary Award sariaren 25.000 dolarrak ere.
Walker Berlineko zinema jaialdiko Publikoaren Saria bi aldiz irabazi duen lehen zinemagilea ere bada, Blindsight eta Waste Land lanengatik, hain zuzen. Blindsight, Toronton estreinatu zuten eta Publikoaren Saria irabazi zuen Gante, AFI eta Palm Springeko jaialdietan, dokumental onenaren sarirako izendapen bat izan zuen Britainia Handiko Zinema Independentearen lehiaketan eta Grierson sarian.
Zuzendariaren lehenengo film luze dokumentala, Devil’s Playground, Sundancen estreinatu zuten 2002an eta sariak irabazi zituen Karlovy Varyko eta Sarasotako jaialdietan, baita Emmy sarietarako hiru izendapen ere, Dokumental Onenaren, Zuzendari Onenaren eta Muntaketa Onenaren kategorietan, eta Independent Spirit Award sarirako izendapen bat.
Horrez gain, Blue’s Clues telesaileko zenbait kapitulu zuzendu zituen, eta haiei esker bi aldiz izendatu zuten Emmy sarietarako, Haurrentzako Telesailen Zuzendaritzaren kategorian.
Lucy Walker Londresen hazi zen. Literatura ikasi zuen Oxforden eta, geroago, Zinema ikasketak egin zituen New Yorkeko Unibertsitatean, Fulbright beka bati esker. Institutuan eta Oxforden ikasten ari zela bi antzezlan zuzendu zituen, eta unibertsitatean Oxford University Dramatic Society erakundearen sari prestigiotsuak irabazi zituen.