"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiaren edizio honetan, Despicable Me (Gru, mi villano favorito) filmearekin bigarren urtez Belodromoa zinema areto erraldoia bihurtuko da. Universal etxearen lehenengo 3D-ko animaziozko ekoizpena da. Gruren eta bere amaren ahotsak egin dituen Florentino Fernándezek eta Margorena egin duen Ana de Armasek aurkeztuko dute filma Belodromoan. Bestalde, eta artistaren laneko konpromisoek ahalbidetzen badute, David Bisbal izango dugu Belodromoan abesten. Bisbalek jarri dio ahotsa filmaren gaztelaniazko bertsioaren amaierako "Soñar" kantari.
Saio bakoitzeko hiru mila ikusle inguruk izango dute 400m2-ko pantaila erraldoian filmak hiru dimentsiotan ikusteko esperientziaz gozatzeko aukera.
Kelonik, XpanD eta Christie enpresa ospetsuak paregabeko liderrak dira 3D zinema proiekzioen alorrean, eta beren esperientzia zabala ekarriko dute Donostia Zinemaldia proiekzio sistema berri horretan murgiltzeko.
Kelonik Espainiako erreferentea da proiekzio eta soinu ekipamenduak hornitzen eta zinema aretoetan instalatzen, eta enpresaren jarduera hasi zenetik, 1975ean, bere erkatu-kuota handia izan da. Kelonik aitzindaria izan zen Espainian 35mm-ko proiekzioen arloan, eta halaxe da, 3D proiekzio digitaleko sistemen instalazioan ere. Guztira, 100 baino gehiago egin ditu. Kelonik enpresak urte asko daramatza Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan, hari bere esperientzia eta teknologiarik berrienak eskaintzen.
XpanD enpresak 3D zinema digitala ikusteko kalitate handiko sistema iraultzailea eskaintzen dio Donostia Zinemaldiari, arrakasta izugarria izaten ari diren betaurreko polarizatu aktiboen bitartez. XpanD kontinente guztietan dago, 40 herrialdetan baino gehiagotan, eta mundu osoan, 1.000 instalazio baino gehiago ditu. Horrez gain, 3D zinemako sistema digital liderra da Europan eta Espainian.
Betaurrekoek igorgailu batek bidaltzen duen seinalea deskonprimitzen duten teknologia daramate barnean, eta hari esker, 2D-tik 3D-rako trantsizioa berehala egiten dute, segundo bat igaro baino lehen. Haien arrakasta betaurrekoek ematen dituzten prestazio bikainak dira, 3D zinema ikusteko kalitaterik eta distirarik handiena eskaintzen baitute, eta itzalik gabe.
Donostia Zinemaldiaren aurtengo edizioan bezala, Canneseko zinema jaialdian ere XpanD aukeratu zuten 3D zinema digitala ikusteko hornitzaile ofizial gisa.
Christie proiektore digitalen marka ezagunak bereizmen handiko 2K proiektore digitalak eskainiko ditu. Christie zinema proiekzioko berrikuntzan liderra da 1929tik, eta 1979tik aitzindaria da, halaber, proiekzio digitaleko sistemen arloan. Christie etxeak zinema digitalean gehien erabiltzen diren proiektoreak egiten ditu eta bere diseinuek DCI (Digital Cinema Initiatives) erakundeak ezarritako eskakizun espezifikoak betetzen dituzte, betiere filmak ahalik eta ondoen ikusteko. Christie liderra da zinema digitalaren esparruan eta 2K zinema digitaleko 7.000 instalazio baino gehiago egin ditu mundu osoan; hau da, beste edozein fabrikatzaileren bikoitza. Gainera, munduko zinema erakustaldien zirkuitu handienek aukeratu duten 2K proiektore digitalen marka izan da.