"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Xarma berezia izaten dute Zabaltegiko Topaketek. Pianoaren zuzeneko jazz doinuak, argiztapen leunak, tenperatura atseginak eta txukun-txukun ezarritako mahai zuri borobil txikiek giro benetan goxo eta lasaia ematen diote Victoria Eugeniako Clubari eta, giro horren baitan, gustura egon ziren Topaketetara hurbildu ziren zinemazaleak zein euren filmen gainean mintzatzera joan ziren zuzendari, aktore eta ekoizleak. Guztira genero eta gai benetan ezberdinetako sei film landu zituzten: Schemer / Duskeko egiazko istorio gordina, La tête allieurs “ametsei buruzko metafora”, Smukke mennesker / Nothing's All Bad film dramatikoa, Happythankyoumoreplease “komedia zinikoa”, Yves Saint-Laurent, l’amour fou dokumentala eta tentsio handiko Buried thrillerra. Zuzendari eta aktoreak gustura aritu ziren euren lanaren nondik norakoak argitzen eta entzuleak adi, esandakoaren nondik-norakoak aztertzen. Galderetarako tarterik izan ez bazen ere, azalpenen ostean ateratako kanape eta edariak dastatzen zituzten artean zinemazaleek izan zuten iruzkinak egin, aktore eta zuzendariak agurtu eta eurekin argazkiren bat ateratzeko aukera. Topaketa hauek egunero egingo dira eta sarrera doakoa da.
Amalur ARTOLA