"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zoriontsuak izan garenean, zenbat aldiz ez ote dugu pentsatu laster bukatuko zela zoriontasun hori, bat-batean apurtu egingo zela gure barne-oreka eta dena pikutara joango zela? Beldur horrek geldiarazi egiten gait batzuetan, eta horrek normalean azkartu egiten du zoritxarraren etorrera.Gainera,zenbat eta zoriontsuago izan, orduan eta gogorragoa izaten da erorketa.Deus ez daukanak ezin du gauza handirik galdu, baina dena daukanak dena gal dezake, jakina.
Principii de viata pelikulako protagonistari ongi doazkio gauzak. Emakume gazte batekin ezkondu da bigarren aldiz eta haurtxo bat du.Gainera,ongi moldatzen da aurreko andrearekin eta honekin izandako semearekin. Oporretara joanen da familiarekin, bere bikotekidearekin eta semetxoarekin, eta baita nereabearekin ere, baina aurretik dena prest utzi behar du, erosketak egin, laneko kontuak borobildu eta abar. Ez dirudi gehiegi larritzen denik, baina gauza batzuk korapilatzen joanen zaizkio, lanean nahiz familian, azken honetan batez ere seme zaharrenarekin, komunikazioa ez baita berari gustatuko litzaiokeena eta horrek sutan jartzen du.
Istorio xumea da Constantin Popescuk kontatzen duena, epika handirik ez duena, baina pertsona arrunt guztiok uler dezakeguna. Denok izan ditugu inoiz zergatik jakin gabe ongi hasi arren piskanaka-piskanaka okertzen diren egunak,pozik ibili ondoren depresiora eraman gaitzaketen ñabardurez betetzen hasten diren egunak. Eta horrelako egunak oporretara joan aurretik iristen direnean ondorioak larriagoak izaten dira. Alde horretatik, Constantin Popescuren pelikula ezin errealistagoa da. Bukarest da hemen agertzen den hiria, baina beste edozein tokitan egon liteke girotua, eguneroko bizitzaren pitokeria hauek edonon gerta baitaitezke. Garbi dago oso gutxi behar dela pertsona bat krisi sakon batean murgiltzeko, oso gutxi erabateko baikortasunetik desesperaziora pasatzeko, bizitza ederra dela esatetik dena kaka bat dela pentsatzera. Horrelakoa da bizitza, edo hala diote adituek behintzat.
M.B.