"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Borja Cobeaga (Donostia, 1977) zuzendaria eta gidoilaria da. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Lan ibilbidea telebistan hasi zuen realitiak egiten, esaterako Gran Hermano (Telecinco) eta Confianza ciega (Antena 3). Geroago, umore programak zuzendu zituen, beste batzuen artean ETB-2 kateko Vaya semanita.
Aldi berean film laburrak zuzentzen hasi zen: 2001ean La primera vez idatzi eta zuzendu zuen. Filma Goya sarietarako izendatu zuten eta guztira 30 sari baino gehiago irabazi zituen. Bere hurrengo film laburrarekin, Éramos pocos, Oscar sarietarako izendapena jaso zuen 2007an, baita 80 sari ere mundu osoko zinema jaialdietan.
Limoncello izeneko bere azken film laburraren ondoren, Pagafantas estreinatu zuen, zuzendari gisa eginiko lehenengo film luzea. Gainera, gidoilari lanetan ere aritu zen beste batzuekin. Filmari esker Kritikaren Saria eta Gidoi Berri Onenaren Saria irabazi zituen Málagako zinema jaialdian. Pagafantas Donostia Zinemaldiaren 57. edizioko Made in Spain sailean proiektatuko da.