"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Saffron Burrows aktore britainiarra ezaguna da kritika bikaina jaso duten zenbait lanetan parte hartzeagatik. Oraintxe Jonas Pate zuzendariaren Shrink lanean ikus dezakegu Kevin Spaceyrekin.
Duela gutxi, bestalde, Roger Donaldson zuzendariaren The Bank Job (2008) filmean ikusi ahal izan genuen. Bertan, protagonista rola egin zuen Jason Stathamekin batera. Filmak arrakasta komertzial handia izan zuen eta kritika bikainak jaso zituen. Urte berean The Guitar filmean lan egin zuen. Horixe izan zen Amy Redforden lehenengo zuzendari lana. Filmak minbizi hilgarria diagnostikatu dioten emakumearen bizia kontatuko digu. Hilabete bat baino ez zaio geratzen eta, ondorioz, bere ametsik basatienak asetzeko abenturari ekitea erabakiko du. Filma Sundancen estreinatu zen 2008an eta Burrowsek hainbat kritika on jaso zituen hari esker.
Aktorearen filmografia honako lan hauek osatzen dute: Dangerous Parking (2007), Peter Howitt zuzendariarena; Fay Grim (2006), Hal Hartleyrena; Troy (2004), Wolfgang Petersen zuzendariarena; Klimt (2006), Raoul Ruizek zuzendutakoa; bertan, John Malkovichekin batera egin zuen lan Burrowsek; El misterio Galíndez (2003) Gerardo Herrero zuzendariarena eta Manuel Vázquez Montalbán idazlearen lanean oinarritua; aktore-zerrendan, halaber, Harvey Keitel aurkituko dugu; Gangster No. 1 (2000), Paul McGuigan zuzendariarena, Malcolm McDowell, David Thewlis eta Paul Bettanyrekin; Michael Apted-en Enigma (2001), Kate Winsletekin; Mike Figgis-en Timecode (2000), eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean izan zen Miss Julie (1999), izen bereko antzezlan klasikoaren Figgisen egokitzapena; Circle of Friends (1995), Pat O’Connor zuzendariarena; eta In the Name of the Father (1993) Jim Sheridan-ena. Lan honetan Daniel Day Lewisek ere parte hartu zuen.
Burrowsek, bestalde, arrakasta handia izan du telebistan. Esaterako NBC katearen My Own Worst Enemy draman, Christian Slaterrekin batera, eta Boston Legal sarituan, James Spader aktorearekin. Horrez gain, BBCrentzat ere lan egin du, Albert Finney eta Julie Christie aktoreekin, Dennis Potterren Karaoke ekoizpen txalotuan.
Antzerkian Londreseko Royal National Theatren lan egin du Jeannette Winterstonen idazlanean oinarrituriko The Powerbook lanean, Deborah Warnerrek zuzendua. Bertan, Fiona Shaw-ren rola egin zuen. Duela gutxi Janey Morrisen rola egin du The Earthly Paradise antzezlanean, Londreseko Almeida Theatre antzokian; horrez gain, Neil LaBute-ren Some Girl(s) egin zuen West End-ean.
Zinemaz aparte, Britainia Handiko Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduaren lehendakariorde izan da Burrows.