"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ilse Hughan ekoizlea Amsterdamen jaio zen eta Literatura eta Itzulpengintza ikasi zituen hiri horretako unibertsitatean. Zenbait urtez Frantziako eta Italiako filmak holandarrera itzuli zituen. 1992an aire berria ekarri zion bere aitona Jean Desmet-ek 1909an sorturiko Fortuna Films ekoizpen etxeari. Hughan nazioarteko salmenta agente gisa hasi zen lanean eta filmak ekoizten amaitu zuen.
Gaur egun, Fortuna Filmsen zuzendaria eta kudeatzailea da Amsterdamen. Ekoizpen etxeak zinema independentearekin egiten du lan, eta, batez ere, Latinoamerikan eginiko filmekin. Egoitza Buenos Airesen duen TyPA kultura fundazioaren lehendakariordea da. Horrez gain, Rotterdameko Nazioarteko Zinema Jaialdiarentzat (IFFR) lan egiten du Hubert Bals Fund (HBF) fondoaren Aukeraketa Batzordeko kide gisa.
Fortuna Films etxeak Lisandro Alonsoren Los muertos (2004) eta Fantasma (2006) filmak eta Paz Encinaren Hamaca paraguaya (2006) ekoitzi ditu. Hiruak Canneseko zinema jaialdirako aukeratu zituzten (Errealizadoreen Hamabostaldian edo Un Certain Regard sailean). Ekoitzi duen azken filma Liverpool da, Lisandro Alonsorena hau ere. Lana Suaren Lurraldean (Argentina) errodatu zuten 2007ko uztailean. Liverpool 2008ko Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartzeko aukeratu zuten.
Buenos Aires Lab (BAL) ekitaldiaren sortzaileetako bat eta bertako lehendakarikidea da. Ekitaldia Bafici jaialdiaren esparruan egiten da eta Latinoamerikan eginiko zinema proiektuentzako koprodukzio azoka da. Bestalde, Rondas Ficco Cinemex Mexikoko koprodukzioen azokaren bi zuzendarietako bat da. Azoka 2008ko otsailean egin zen lehenengo aldiz, Mexiko Hiriko FICCO jaialdian.
Adierazitako guztiaz gain, hainbat zinema jaialditako mintegi, tailer eta epaimahaietan parte hartu du; besteak beste, Nyon, Utrecht, Buenos Aires (Bafici), Morelia, Biarritz, Mexiko Hiria (FICCO), Dubai eta Rotterdamekoetan. Gainera, Locarnoko jaialdiko Open Doors programako Aukeraketa Batzordeko kidea da.