"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Manuel Pérez Estremera (Madril, 1944) Donostia Zinemaldiaren zuzendari izan zen bi urtez (1993 eta 1994), Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen 1995ean eta 1996an, eta zuzendaritzako lankide 1997an.
Karrera Film Ideal eta Nuestro Cine zinema aldizkarietan hasi zuen, eta Cuadernos para el diálogo aldizkaria sortu zuen taldeko kide ere izan zen; bestalde, antzerki aldizkarietan ere aritua da, esaterako Primer Acto izenekoan, eta Cuadernos para el diálogo antzerkiari buruzko liburu bilduman lan egin zuen. TVE kateari lotuta dago 60ko hamarkadatik, eta bertan, hainbat sail eta programatan parte hartu du. Fila 7 zinemari buruzko asteroko programa zuzendu zuen, eta kanpo ekoizpeneko zuzendariorde izan zen (Espainiako zinemarako, Latinoamerikarekin eginiko koprodukzioetarako, eta Espainiako eta Europako ekoizpen etxeekin eginiko telebistarako produkzioen gidoiak eta proiektuak aztertzen) 1987tik 1992ra.
Bestalde, Sogecable enpresaren barruan zuzendaritzako hainbat postu ere izan ditu. Canal Plus España katean Magacine programa zuzendu zuen eta Bertan Ekoitzitako Programen saileko zuzendari ere izan zen 2004ko apirilera arte. Sail horretan Espainiako zinemaren antena eskubideen salmentez arduratu zen.
Pérez Estremera Kubako San Antonio de los Bañoseko Nazioarteko Zinema eta Telebista Eskolako Ekoizpen Katedraren arduraduna izan zen 1998 eta 2000 artean.
Bere espezialitatearekin loturiko lau liburu idatzi ditu: Correspondencia inacabada con Arturo Ripstein, Nuevo Cine Alemán, Nuevo Cine Latinoamericano eta Problemas del Nuevo Cine; azken hiruak 70eko hamarkadan argitaratu ziren.
Duela gutxi Espainiako Kultura Ministerioaren (ICAA) Zinematografia zuzendaria izan zen, 2004ko maiatzetik abendura arte, hain zuzen. Bere azken postua TVEko zuzendaritza izan da, 2005eko urtarriletik 2007ko urtarrilera arte.
Argentinako Zinematografia Akademiako Ohorezko Kidea da, Ohorezko Korala jaso zuen Habanako 28. zinema jaialdian eta Huelva Hiria saria 2007an. Era berean, FIPCAren (Iberoamerikako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Federazioa) aintzatespena jaso du “Iberoamerikako zinemaren garapenari eta bermatzeari egin dion ekarpen erabakigarriagatik”, eta omenaldiak egin dizkiote Limako jaialdian 2007an eta Lleidako Cinema Llatinoamericà jaialdian 2008an.
Honako zinema jaialdi hauen epaimahaietako kide izan da, besteak beste: Habana, Guadalajara, Gramado, Lleida, Toulouse eta Tarifa.