"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Leonor Silveira aktore portugaldarra 1989an hasi zen zineman lanean Manoel de Oliveira zuzendariaren eskutik, Les cannibales filmeko protagonista gisa. Ordutik zuzendari lusitaniarraren musa da eta haren hamazazpi filmetan parte hartu du. Hortaz, bere karrera Oliveirak eskaintzen dizkion pertsonaia indartsu eta enblematikoen inguruan eraiki du. 1993an Val Abraham filmeko protagonista izan zen; lana Oliveirak Flauberti eginiko omenaldia zen eta bertan Madame Bovaryren bertsio berria egin zuen. Silveirak hainbat aktore ezagunekin egin du lan, besteak beste Catherine Deneuvekin eta John Malkovichekin (Le couvent, 1995ean, Je rentre à la maison 2000n, Un film parlé, 2002an), Marcello Mastroiannirekin (Voyage au début du monde, 1996an), Michel Piccolirekin (Party, 1996an, Je rentre à la maison, Miroir magique, 2005ean), Irene Papasekin (Party, Inquiétude 1997an, Un film parlé), Marisa Paredesekin (Miroir magique) eta Chiara Mastroiannirekin (La lettre, 1998an). Film horiek gehienak Canneseko zinema jaialdian aurkeztu dituzte.
Horrez gain, beste zuzendari portugaldar batzuekin ere egin du lan, besteak beste João Botelho, Joaquim Pinto, Luís Galvão Telles edo Vicente Jorge Silvarekin.
Zinemako karreraz gain, Leonor Silveira Portugaleko kultura ministroaren kabinetean aritu da lanean 1998tik eta postu horretatik hainbat proiektutan parte hartu du bere herrialdean bertan. 2000. urtean, Zinema, Ikus-entzunezko eta Multimedia Erakundean sartu zen Portugaleko zinema koordinatzeko eta sustatzeko. 2005etik Zinema eta Ikus-entzunezkoen Erakundeko lehendakariordea da.
Epaimahai gisa nazioarteko honako jaialdi hauetan parte hartu du: Cannes (2009, Laburmetraiak eta Cinéfondation atalean), Deauville (2008), Luanda (2008), Marrakech (2005) eta São Paulo (2000).
1997an Merituaren Ordenako Komandante titulua jaso zuen Jorge Sampaio Portugaleko Errepublikako presidentearen eskutik.