"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bong Joon-ho zuzendariak leku bat eskuratu du Koreako zinema industriaren gailurrean bere lehenengo hiru film luzeei esker: Barking Dogs Never Bite (2000), Memories of Murder (2003) eta The Host (2006).
Nazioarteko zuzendari ezagunek ere haren talentua goraipatu dute, esaterako Quentin Tarantinok; honen ustez, Memories of Murder eta The Host azken hamabost urteetako hogei film onenen artean daude. Tarantinok esandakoa berresten dute, halaber, hiruek irabazi dituzten sariek: FIPRESCI saria Hong Kongeko Nazioarteko Zinema jaialdian eta Zuzendari Berri Onenaren Saria Municheko jaialdian Barking Dogs Never Bite lanagatik. Filma, bestalde 2000. urteko Donostia Zinemaldian izan zen. Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra eta Zuzendari Berrien Saria 2003ko Donostia Zinemaldian Memories of Murder lanagatik; horrez gain, Gidoi Onenaren Saria eta Publikoaren Saria irabazi zituen urte bereko Torinoko jaialdian. Azkenik, The Host filmarekin Zuzendari Onenaren Saria irabazi zuen Porton eta Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian izan zen. Azken film honek, gainera, leihatilako errekorra hautsi zuen Korean eta 13 milioi ikusle izan zituen.
Bere irudimenari esker, Bong Joon-hok konbentzio ororekin hausten du trebezia handiarekin. Azken lanerako, Mother, gai arrunta bezain unibertsala aukeratu du: amaren figura, alegia. Horren bitartez, gizarte errealitate bat eta familia drama bat aztertu ditu orain arte ezezagunak ziren zinemagintzaren zenbait alderdi ikertuta. Mother Donostia Zinemaldiaren 57. edizioko Zabaltegi-Bitxiak sailean izango da. Bestalde, aurten Canneseko Un Certain Regard sailean parte hartu zuen.
Mother egin baino urtebete lehenago Bong Joon-hok Shaking Tokyo film laburra egin zuen Michel Gondry eta Leos Carax zuzendariekin osaturiko Tokyo! antologiaren barnean. Azken hau ere Canneseko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuten.