"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jeon Soo-il zinemagile korearraren I Came from Busan lanaren eskutik, gaur egungo korear gizartearen erretratu garratz batek itxi zuen atzo Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian diren filmen desfilea. Filmaren emanalditik kalerakoan, zenbait zine adituren iritziz, pelikulak ezaugarri komunak izan ditzake Michelangelo Antonioniren Gaulanarekin, pertsonaia depresibo eta noragabe bat baliatzen baitu gizakiaren eta gizartearen erretratu jakin bat sortzeko.
Zuzendariaren esanetan, “telebistan sarritan ikusten ditugu adopzioan emanak eta atzerrira eramanak izan ziren korearrak, eta handitzen direnean beren guraso biologikoen bila itzultzen direnak. Eta halaz ere, besoak antxumatuta geratzen gara, urtero bi milatik gora ume,gehienak ama adin txikiko eta ezkongabeen seme-alabak, atzerritarrei adopzioan ematen zaizkien bitartean”. I Came from Busan filmak, halaber, herrialde urrun hartako gizarte gaitzei errepaso egiten die, gazte bortizkeriari eta langabeziari, kasu.
Filmeko protagonista nerabea da, haur batez erditu eta adopzioan eman duena. Hortik aurrera, filmak neskaren eguneroko bizimodu etsigarria erakusten digu. Hau da, Busango portu zikina, nerabe oldarkorrak, guraso langabe eta alkoholikoak…
Baina kontua da, filmaren bukaeran Frantziako mendialdera, Chamonixera, bidaiatzen duela protagonistak, adopzioan emandako umearen bila. Eta azken sekuentzian, haurraren ama biologikoa eta adopziozkoa aurrez aurre jartzen direlarik, injustizia globalaren kontraesanak agerian geratzen zaizkigu. Ataka horretan amaitzen da istorioa, zuzendariaren hitzetan, “korear gizartearen parte baten erretatua irudikatuz”.
S.B.