"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Tea -edo pattar kopa bathartzera gustura gonbidatuko zenukeen andre atsegin eta berritsu horietakoa da Brenda Blethyn aktore britainiarra. Nola ahaztu bere itzal dramatikoa Mike Leighen Sekretuak eta gezurraken, edo Alegrantziaren belar-baratzea filmeko marihuana parranda? Oraingoan, 2005eko uztailaren 7an Londresen izan ziren atentatuen ondoren desagertuta dauden semealaben bila dabiltzan bi gurasoren arteko harremana pultsu sendoz kontatzen duen eta ikuslea une askotan hunkitzen duen London River pelikulan gozatu ahal izan dugu bere presentziaz.
“Egia esan, Rachidek papera eskaini zidanean, ez nekien bera nor zen, eta errezelo asko nituen atentatuen gaia zela-eta. Orduan, istorioaren nondik norakoak azaldu zizkidan: bi pertsona, kultura zeharo ezberdinetakoak, sinesmen ezberdinak dituztenak, baina gizatasunean bat datozenak. Istorio interesgarria da, pentsatu nuen nire ar tean”, adierazi zuen atzo prentsaurrekoan.
Adin jakin batera iritsita rol egokiak lortzeko arazorik ez duen antzezleak,“bakoitzak bere ahotsa behar du mundu honetan”, frantsesa ikasi eta kultura musulmana aztertu behar izan zituen bere papera betetzeko, filmak kultur eta erlijio desberdinen bizikidetzaren alde egiten duen aldarriaren seinale: “Bien arteko harremana ezezagunari dioten beldurrak baldintzatuta hasiko da, baina emakumearen alabak eta gizonezkoaren semeak maitasun harremana zutela ezagutzen doazen bitartean, haien arteko hartu- emana sendotzen joango da. Nik uste erlijio guztiak irakatsi beharko liratekeela eskoletan, batez ere erlijio eta kultur gatazkak dauden lekuetan”.
Brenda Blethynek esan zuenez, “filma ez da bilaketaren inguruko istorioa, baizik eta bi kulturen elkarketari buruzkoa. Bere papera betetzeko kultura musulmanari buruz duen “ezjakintasunean” oinarritu dela adierazi zuen, horrela pertsonaia gehiago “sentitzeko”.