"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Azken orduko sorpresarik ezean, Ian McKellen aktore britainiarra izan da aurtengo Donostia saridun bakarra. Zinema, antzerki eta telebistako aktore britainiarra da McKellen eta mota oso ezberdinetako pertsonaiak antzeztu ditu. Besteak beste, Bill Condon zuzendariaren Gods and Monsters, Bryan Singer zuzendariaren X-Men edota Peter Jacksonen The Lord of the Rings trilogian parte hartu du.
Saria emateaz arduratu zen Josep Maria Pou aktore katalanaren hitzetan: “Ian oso aktore aldabera eta eskuzabala da, antzezpen munduan denik eta maisurik handiena”. Hartara, omenduak txapela buruan jaitsi zituen agertokiko eskailerak, biziki hunkituta, eta Pouren eskutik jaso zuen Donostia Saria.
“Ez naiz oso sari zalea -adierazi zuen-, aktoreak ez baikaude elkarren lehian. Aitzitik, sari ezberdina da honako hau, ez baitu antzezpen bakar eta zehatz bat saritzen, berrogeita hamar urteko, bizitza oso bateko ibilbidea baizik”. “Hala ere -gaineratu zuen-, nire karrera ez da erabat amaitu. Oraindik aulki perfektua egitea espero duen arotza bezala ikusten dut nire burua”.