"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Igogailua da egoitza erraldoi batean bizi diren ikasleak gehien topatzen omen diren lekua. Jakina, hainbeste jenderen artean denetatik dago, eta Tomasz Emil Rudzikek aurkezten dituenak ez dira oso arruntak, zaila litzateke unibertsitate batean halakorik topatzea. Horregatik guztiarengatik esan liteke Desperados on the block ez dela hain zuzen pelikula errealista bat; izan ere, exagerazio ugari ditu eta batzuetan komiki baten tankera ere hartzen du, baina hain zuzen ere horrek ematen dio duen xarmarik handiena.
Ezin da ukatu milaka gazte bizi diren toki batean oso jende arraroa aurki daitekeela; hala ere eguneroko bizimoduan ez da erraza esate baterako erlijioaren aginduekin obsesionatua bizi den jende asko topatzea. Hemen Clara, Patricia Mogak gorpuzten duen pertsonaia, Jainkoaren agindu guztiak hausten saiatuko da, egoera surrealistak sortaraziz. Eraikin berean liburuzain batekin maitemindu den Mot ikasle mutua bizi da, eta laster ikasiko dugu batzuetan nahikoa bortitza izan daitekeela. Sin txinatarra matematika irakasten dion ikasle maltzaurrak zoratuko du… Eta haiekin batera denbora guztian igogailuan gora eta behera doan pertsonaia enigmatikoa, momento batzuetan narratzaile baten moduan jokatzen duena.
Ez dakit noraino oinarritu den zuzendaria berak ezagutzen duen inguru batean, baina filmak harrituta uzten ditu ikusleak momentu askotan. Hainbeste ahots eta protagonista dituen istorio honetan pertsonaia gehienak ateratzen dira normaltasunetik eta seguro aski horregatik gogoratzen gara haiekin pelikula ikusi ondoren ordu asko pasa direnean ere. Hala eta guztiz ere, nik ez dut oso garbi nire ikasle denboretan halako toki batean bizi izana gustatuko zitzaidakeen. Hori bai, agian orain dakidana baino gehiago ikasiko nukeen, zeinek daki.
M.B.