"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Atzo Sail Ofizialean aurkeztutako bigarren filma Matthias Glasner zuzendari, idazle eta ekoizlearen zinelan artegagarria da. Lars von Trierren ohiko aktore den Jens Albinus eta Corinna Harfouch ditu protagonista nagusi. Filmak bi istorio kontatzen ditu: senarrak aspaldi abandonatutako polizia alkoholikoarena eta neskatxa vietnamdarrekin trafikatzen dabilela haietako batekin maitemintzen den gizonarena. “Ura eta olioa bezain ongi nahasten diren bi istorio”, ironiaz esan zuen prentsaurrekora bertaratutako kritikari batek. Boz goraz adierazitako iritzi honen aurrean, film luzeak eta telesailak tartekatu ohi dituen Glasnerrek zera ihardetsi zion: “Filmak bi geruza ditu, batak bestea finkatu, bermatu egiten du. Bi pertsonaiek topo egingo dute gizonari hilketa bat leporatzen diotenean. Hainbat galdeketaren ondoren ongi ezagutuko dute elkar, eta batak besteari bere ezkutuko beldurrak eta desirak aitortuko dizkio. Istorio osagarriak dira, beraz. Protagonista biak beren oinazean errekonozitzen dira. Nolabaiteko enpatia sentitzen dute bata bestearekiko, beren infernu pertsonalak direla medio”.
Nahi baina ezin
Itxurak itxura, filma ez da haur prostituzioari buruzkoa, “ez eta –dio zuzendariak– pederastiari buruzko istorio bat ere. Egia da protagonistak haurrarenganako joera duela, baina nik uste nahiko argi erakusten dela ezingo duela maitasun hori erabat gauzatu. Zentzu horretan, maitasuna oso suntsikorra izan daiteke. Ezin gauzatuzko maitasun baten historia da”.
This is Love filmeko aurkikuntzetako bat neskatxarena egiten duen aktore gaztearena da, ezbairik gabe. “Ehunka neskekin egin genuen kastina, aitzitik, berehala antzeman genion gure protagonistari sentiberatasun berezia zuela. Gaztea izaki, Duyen Pham oso neska argi eta jatorra da.Eta ahal izanez gero, aktore izaten jarraitu nahi du”, gaineratu zuen Glasnerrek.