"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Film gogorra da Precious errealitate gordin bat islatzen duen neurrian, baina, beste alde batetik, badu iparramerikarrek biziki maite duten zerbait, zailtasunei aurre egiteko borondatearen goraipamena. Horrez gain, zenbait pertsona famaturen babesak lagundu besterik ez dio egin filmari Sundanceko Zinemaldian bere ibilbidea hasi zuenetik.
Lee Daniels-en pelikulak erakusten duen errealitatea ezaguna da: auzo afroamerikarretan jende askok izugarrizko zailtasunak ditu aurrera egiteko, ikasteko eta orokorrean bizitzeko. Precious Jones izeneko neskak zailtasun hauek guztiak ditu bizitzan, eta hori gutxi balitz bere aitak bortxatu egiten du eta bi seme-alaba izan ditu berarekin hamasei urte besterik ez dituenean. Bere alde egin beharrean, amak gehiegikeria hauek onartu eta ia bultzatu egin ditu, alabaren kontra eginez gainera. Egoera horretan ez da erraza ikasketetan aurrera egitea, baina Preciousi aholku bat eman diote eskolatik bota dutenean, klase berezi batzuetara joatekoa. Eskola horietan behar duen laguntza aurkituko du, aurrera egiteko kemena emanen dioten ikaskide eta irakasleak.
Precious ikustean, berehala dator gogora gai beraren inguruko beste pelikula bat, Dangerous Minds, baina bien artean badira aldeak, eta azukre dosiari dagokiona ez da txikiena. Lee Daniels-en filmak errealagoa ematen du denbora guztian, bere pertsonaiak sinesgarriagoak dira –Michelle Pfeiffer-en papera sinestea ez zen oso erraza-. Alde horretatik pelikula interesgarriagoa litzateke Precious, nahiz eta badakigun hau bezalako istorio gehienak gaizki bukatzen direla. Edozein modutan,ez dago gaizki hezkuntzaren balioa aldarrikatzea, horixe baita jende askok inguratzen duen errealitate itogarritik ateratzeko duen modu bakarra.
Eta hezkuntza guztiz beharrezkoa dela argi esateaz gain, pelikula honek badu beste meritu bat, familiaren barneko sexu gehiegikeriak agerian jartzearena hain zuzen ere. Gai hauek ez dira oso sarritan aipatzen, nahiz eta kasu gehienetan zauri sakona uzten dituzten.
M.B.