"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sail Ofiziala osatzen duten 17 filmetatik lau eskainiko dira euskaraz azpidatzirik. Lehiatik kanpo diren biak, hau da, Fernando Trueba espainiarraren El Baile de la Victoria, eta Zinemaldia itxiko duen Rodrigo García kolonbiarraren Mother and Child, eta Álvaro Pastor eta Antonio Naharroren espainiarren Yo, también eta Juan José Campanella argentinarraren El Secreto de sus Ojos ere emango dira euskaraz azpititulatuta.
Richard Brooksen atzera begirako osatzen duten filmetatik sei eskainiko dira euskaraz azpidatzirik (Katemea zinkezko teilatu bero gainean, Lord Jim. Profesionalak, Odol hotzean, Kosk egin balari eta Goodbar jaunaren bila) eta Kontrauhina zikloko beste sei.
Zabaltegi-Bitxiak saileko beste lau ere eskainiko dira euskaraz azpidatzirik: Yuki & Nina, bi neskato neraberen, frantziarra bata japoniarra bestea, gorabeherak. Cannesko kritikak laudorio gehien egin zion filmetako bat da. Five Minutes of Heaven Irlandako herri bereko baina aurkako ideia politikoak dituzten bi gizonen inguruko filma da; gai horren inguruko filmen antzik ez duena. Liam Neeson eta James Nesbitt aktore bikainak aurrez aurre. No One Knows About Persian Cats lanean Bahman Ghobadi zuzendari irandarrak Teherango musikari underground batzuren indarra pantailaratu du. Eta azkenik, Zabaltegi saileko klausurako filma, Vengeance. Aita bat Hong Kongera joango da alabarengatik mendeku hartzeko,haren familia osoa hil baitute. Ofizialki chef frantziarra da. Duela hogei urte, hiltzailea zen. Zine beltz garaikideko maisu Johnnie To-k Johnny Hallyday ospetsua mendeku estilizatu baten aurrean jartzen du.
Zinemarik handiena txikientzat izeneko jarduera ere belodromoan egingo da. Goizero, haurrek zinemaz gozatu ahal izango dute belodromoan, ikastolekin eta ikastetxeekin hitzartutako programari esker. Aurten, Hayao Miyazakik, animazioaren maisu japoniarrak, zuzendutako Ponyo Itsaslabarrean emango dute.
S. B.