"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“La Princesse de Clèves eleberriaz genituen oroitzapenez baliatu gara gidoia idazteko, baina istorioa berridatzi gabe”, esan zuen Christophe Honorék bere lan berriaren aurkezpenean, atzo. Madame de La Fayetten liburua hartu zuen abiapuntu bezala zuzendari eta gidoilari frantsesak La belle personne filmeko nerabeek aurrez-aurre topatzen dituzten sentimenduei buruz aritzeko.
Honorék esan zuenez oso garrantzitsua zen “denboraz kanpoko narrazio bat sortzea, ez bainuen gaur egungo gizartearen erretratu bat egin nahi”, eta horren arabera eraiki dira eszenatokiak, pertsonaiak eta musika bera ere.
Léa Seydoux-k Junieren papera egiten du, Otto Clèves (Grégoire Leprince-Riguet) gazte isilaren neskalagun bihurtzen den 16 urteko neska. Laster Nemours (Louis Garrel) irakaslea ezagutu eta bere sentimendu kontrajarriei aurre egin beharko die. Kafetegiko Nicole andereak filmean dioen bezala, “adin horretan hauskorrak dira oso bihotzak”, eta ezinbestez amaiera dramatikoa du kontakizun honek.
Istorioaren amaierako pasarteetako bat izan da, hain zuzen ere, irudikatzen zailenetarikoa Christophe Honorék esan duenez. “Asko pentsatu behar izan nuen gazte baten suizidioa irudi lizun bihurtu ez zedin eta, Les chansons d’amourren antzera, irudiak lirikoagoak egiteko musikari garrantzia handia ematea ideia ona iruditu zitzaidan”, azaldu zuen zuzendari frantziarrak.
Honorék kulturari eta giza zientziei arreta berezia jarri die lan honetan ikasitakoaren eta pertsonaien bizipenen arteko paralelismoak sortuz, “ikasgai hauek pertsonen izaera eraikitzeko orduan garrantzia badutela helarazi nahi nuelako, gaur egun intelektual eta politiko frantses batzuek kultura gutxiago eta teknologia gehiago ikasi beharko litzatekeela esaten badute ere”.
I.O.