"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hiru bikote jatetxe batean bildu dira urtebetetze bat ospatzera. Batzuen begiradek eta keinuek berehala adieraziko digute arazoak laster iritsiko direla, haien artean zorionak ez duela luzez iraunen. Bikote batek umea izanen du epe laburrean, eta bestea ezkontzekotan da. Opa egiten dute eta kalera doaz. Emakumeek etxera joatea erabaki dute eta hiru gizonak beste nonbaitera doaz kopa bat hartzera. Haietako batek neska ezagun baten pisura joatea proposatu du. Han hasiko da nahasmendua, aspaldiko harremanak, maitemintze berriak, zeloak... Azkenean argi eta garbi ikusiko da inork ez zuela asmatu bikotea aukeratzean, gehienek beste norbait maite dutela edo ez daudela seguro beste pertsonaren maitasunaz. Eta pertsonenganako maitasunaz ezezik, katuei buruz ere hitz eginen dute.
Harreman kontuetan ez dago deus errazik. Sentimenduek ezartzen dizkiguten zailtasun horiek agerian jartzea da beharbada Ryusuke Hamaguchi zuzendariaren meriturik handiena. Hala ematen ez badu ere, sei pertsonaia asko dira denen sentimenduak zehaztasunez kontatu nahi direnean, baina zuzendaria ez da galtzen, bikote batengandik beste batengana goaz atsedenik gabe, eta, amodioarena gai unibertsala den neurrian, denen arrazoiak uler ditzakegu, nahiz eta batzuetan eskerrak eman beharean aurkitu haiei gertatutakoa guri gertatu ez zaigulako.
Yokohama da film honen eszenatokia, baina, alderdi kulturalen bat alde batera utziz gero, hemen gertatzen dena New Yorken edo Donostian ikus genezake arazorik gabe. Pelikula honek oso argi uzten digu beriro ere maitasun kontutan ez dagoela inolako legerik, ezerk ez digula harreman zoriontsu bat ziurtatzen, baina beharbada ziurgabetasun horixe da gure bizimoduari gatz piska bat ematen diona. Bestela nahikoa aspergarriak lirateke harremanak, eta ez dugu hori nahi. Edo agian bai?
M.B.