"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Anoetako estadiora heldu bezain laster hasi ziren garrasika Mary Ward eskolako ikasleak. Taldeko 250 haurrak izan ziren Belodromoko ateak gurutzatu zituzten lehenak. Bederatzi eta erdietatik aurrera autobusen etengabeko jarioak 2.200 ikusle txiki baino gehiago gerturatu zituen zinema areto bihurturiko kirol zentrora.
Besteak beste, Zurriola ikastolako autobusa, Axular lizeokoa, Mundaizekoa, La Asuncionekoa eta San Josekoa Belodromoko ate parera iritsi,espaloia hartu, binakako lerroak egin eta irakasle eta Zinemaldiko laguntzaileen aginduak jarraituz sartu ziren beren eserlekuetaraino.
Iskanbila nagusi zen Aitzpea Goenagak mikrofonoa hartu eta haurrei hitz egiten hasi zen arte. Abesti batzuk, asmakizunak eta, nola ez, eskolen izenak behin eta berriz errepikatu zituen aurten ere “Zinerik handiena txikientzat” ekimenaren aurkezle denak.
Hamarrak jota zirela, “Zinemaldia inauguratzen ari gara” egin zuen oihu Aitzpeak, eta Haurtzain magikoa filmaren lehen irudiak berehala azaldu ziren 400 m2ko zinema pantailan. Honela, atzokoak izan ziren Brown anaiarreben bihurrikeriak euskaraz ikusi eta ikasi zituzten lehenak. Kirk Jonesek zuzenduriko fantasiazko film honetan, Brown jaunak ehorztetxean lan egiteaz gain bere zazpi seme-alaba bihurriak zaindu behar ditu, eta konponbiderik ez zegoela zirudienean McPhee haurtzainaren laguntza magikoa jasoko du.
Donostialdeako ikastola eta ikastetxeetako ikasleek aste barruan, goizeko 10:00etan, Belodromoan ikusiko dute Haurtzain magikoa. Baina ez dira beraiek zinemaz gozatu ahal izango duten bakarrak, Gipuzkoa osoko 18.000 ume, sei eta hamaika urte bitartekoak, egongo dira filma ikustera gonbidatuak. Horretarako, aurreko urteetan probintzian zehar izan ziren emanaldiei jarraipena emango zaie. Honela, Brown familia ezagutu ahal izango dute ondorengo antzoki eta zinemetan ere: Leidorren (Tolosa), Amaian (Arrasate), Zelai Aristin (Zumarraga) eta Usurben (Beasain).
I. O.