"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Agertokia hutsik dagoela hasi da 56. Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldia. Baina berehala, Belén Rueda eta Edurne Ormazabal aurkezleak piano baten zuzeneko musikaren konpasean sartu dira agertokira, Aute-ren ‘Cine, cine, cine’ abestiaren letra ahapetik kantari, hauxe izan baita ekitaldiaren ardatza.
Saiheskara etzanak, kolorez aldatzen diren neoizko zutabeak, eta eszenategiaren atzealdean etengabe aldatzen diren dekoratu irudimentsuak. Zeremoniak ohiko gidoia jarraitu du edukiaren aldetik. Mario Monicelli eta Terence Davies zuzendariak egon dira agertokian, atzera begirako bana izango baitute Zinemaldian, baita Rokuro Mochizuki errealizadorea ere, Japonia Beltzean atzera begirakoaren ordezkari gisa.
Izan ere, italiar zuzendari beteranoak jaso ditu gaueko txalorik beroenak: “Oso politak izan dira nire karreraren hasieran jasotako sariak -adierazi du, 1958an Donostian eskuratutakoa gogoratuz-, baina benetan ahaztezinak ibilbidearen amaieran jasotzen direnak”.
Aurpegi ezagunei dagokienez, Zinemaldiko sail ezberdinak aurkeztuz Miguel Ángel Silvestre, Juan Echanove, Pilar Bardem, Assumpta Serna, Lucía Jimenez, Barbara Goenaga, Clara Lago eta Álvaro Cervantes aktoreak aritu dira, besteak beste. Epaimahaikide ofizialek ere hartu dute parte; Jonathan Demme epaimahaiburuak eta gainerako kideek: Michael Ballhauss, Martina Gusman Urruti, Masato Harada, Nadine Labaki, eta Leonor Watling. Bertan izan dira, halaber, Zuzendari Berrien epaimahaiburua, Joan Chen, eta Horizontes saileko presidente Mirtha Ibarra.
Hasierako ekitaldian izan da, era berean, Vicky Cristina Barcelona filmeko taldea: Woody Allen, Javier Bardem eta Rebecca Hall.
Eta azkenik, Antonio Banderas aktoreak eta Richard Eyre zuzendariak Zinemaldiaren 56. edizioa inauguratu duen filma aurkeztu dute: The Other Man.