"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinema zuzendari, idazle eta aktore hau Numazu-n jaio zen, Japonian, 1949ko uztailaren 3an. Ikusi zuen lehen filma Fred Zinnemann zuzendariaren The Search (1948) izan zen eta Montgomery Cliftek gerrako umezurtz bati (Ivan Jandl) ogi zati bat ematen dioneko atala Haradaren irudi zinematografiko gogokoena bilakatu zen. Lumet, Pontecorvo, Frankenheimer eta Kurosawaren zuri-beltzeko lehenengo lanen izaera errealistak eragin handia izan zuen zuzendari japoniarrarengan. 1954an izan zuen lehenengo kontaktua errodajeen munduarekin, Akira Kurosawa Gotemba-n zegoenean, Haradaren hiritik gertu, Seven Samurai filmatzen. Laster Toei Companyren chanbara jidaigeki edo samuraien ezpata borrokak irudikatzen zituzten garaiko filmekin zaletu zen.
1972ko udan Donostia Zinemaldian izan zen Kinema Jumpo-ren korrespontsal gisa. Urte hartan, gainera, Howard Hawks zen epaimahaiko presidentea eta hementxe ezagutu zuen bere babesle izango zena. Haien arteko "harremanak" bost urte iraun zuen; Hawks hil zen arte 1977an.
1973an Harada Los Angelesera joan zen bizitzera eta Mizuho Fukuda kazetariarekin ezkondu zen 1976an; 1979an idatzi eta zuzendu zuen lehenengo film luzea, Goodbye Flickmania komedia, Hawksek egiten zituenen antzekoa. Ordutik bere film guztien gidoiak idatzi ditu. Haradak 2002an egin zuen aktore gisa lehenengo lana, Omuraren rola eginez The Last Samurai filmean. Geroago berriz aritu da aktore lanetan Spirit (2006) filmean.
Hona hemen Masato Haradak zuzendu dituen filmeak: Goodbye Flickmania (1979), Windy (1984), Onyanko the Movie (1986), The Heartbreak Yakuza (1987), Gunhead (1988), Painted Desert (1993), Kamikaze Taxi (1994), Trouble with Nango (1995), Rowing Through (1996), Bounce KO Gals (1997), Jubaku/Spellbound (1999), Inugami (2001), Totsunyuuseyo! Asama Sanso Jiken (The Choice of Hercules, 2002), Jiyuu Reani (Bluestokings) (2005), Densen Uta (The Suicide Song) (2007), Moryo no Hako (The Shadow Spirit) (2007) eta Kuraimazu Hai (Climber’s High) (2008).
Japoniako zinema akademiak hiru aldiz izendatu du: zuzendari onena gisa Jubaku/Spellbound (1999) filmagatik, eta zuzendari eta gidoilari onena gisa Totsunyuuseyo! Asama Sanso Jiken (The Choice of Hercules, 2002) lanagatik.