"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gaur egun kontserbatzaile nagusi gisa lan egiten du Tokioko Arte Modernoko Museo Nazionalaren Zinema Zentro Nazionalean.
Hisashi Okajima 1956an jaio zen Aichi-n (Japonia) eta 1979tik Zinema Zentro Nazionaleko (CNC) kontserbazio taldeko kide da, Tokioko Arte Modernoko Museo Nazionaleko zinema atalean. 2005ean CNCko kontserbatzaile nagusi eta zuzendari izendatu zuten.
1979an hasi zen kritikari lanetan eta 80ko hamarkadan hainbat aldizkari espezializaturentzat (Kinema Jumpo, Image Forum, BT, eta abar), Japoniako eta nazioarteko zinemari, zinematekei eta mugimendu zinematografikoei buruzko artikuluak idatzi zituen.
Zinema Artxibategien Nazioarteko Federazioak antolaturiko hainbat jardueratan parte hartzen du eta gainera erakunde horren Zuzendaritza Batzordeko kide izan da hiru agintalditan (2003tik) eta bertako lehendakariordea da 2004tik. Horrez gain, Irudiaren arte eta zientzien japoniar elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea ere bada (2000, 2006, 2008). Gaur egun, Fukuoka eta Hiroshimako zinemateketako Aholku Batzordean dago, baita Tokyo Filmex eta Kawakita Memorial Film Institute-koetan ere.
Artikuluak idatzi eta zinemari loturiko jardueratan parte hartzeaz gain, 80ko hamarkadaren amaieran hitzaldiak emateari ekin zion Japoniako hainbat unibertsitatetan (Kyoritsu-ko emakumeen unibertsitatean, Tokioko unibertsitatean, Waseda-koan, baita Rikkyo, Ritsumeikan eta Japoniako unibertsitateetan ere). Bestalde, zinemaren eta zinemateken historiari buruzko jardunaldietan parte hartu du honako hiri hauetan: Beijing, Cartagena, Fukuoka, Hong Kong, Inuyama, Kanazawa, Kioto, Los Angeles, Ljubljana, Sapporo, Sendai, Seul, Stockholm eta Yamagata.