"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Keja Ho Kramer 1974an jaio zen Kalifornian; gaur egun Parisen bizi da eta bertan lan egiten du. Argazkigintza ikasi zuen New Yorkeko Arte Bisualen eskolan, eta bideoa eta zinema Le Fresnoy-en, Roubaix-eko (Frantzia) Arte Garaikideen Estudio Nazionalean. Artista garrantzitsuen ikasle eta lankide izan da, horien artean daude Stephen Dwoskin, Kasper Toeplitz, Sarkis, Boris Lehman, Myriam Gourfink edo Robert Kramer.
1998tik bideo sorkuntzan aritzen da eta bere lanak nazioarteko zinema jaialdietan erakusten ditu, baita galeria eta museotan ere. Bere azken lanen artean nabarmentzekoak dira I’ll be your eyes you’ll be mine (2006, Stephen Dwoskin-ekin batera eginikoa), Mechanical Nights (2007), Molecular Black (2007, Myriam Gourfink-ekin lankidetzan) eta The Beast Notes (2008).