"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Koldo Almandoz Donostian jaio zen 1973an. Gogoan duen zinean ikusitako lehen filma The Jungle book da. Hurrengo egunean, ikastolako jangelan platano azala buruan jarrita paseatu zen. Harritzeko portaera haur lotsati eta isil batentzat. Kazetaritza ikasketak egin zituen ikus-entzunezko adarrean. Beste komunikabide batzuen artean Euskadi Irratia, Egunkaria, Napartheid, El País eta Berrian aritu da. Zine ikasketak osatzera abiatu zen New Yorkera (hori esan zion inguruko jendeari behintzat). Bertan egin zuen bere lehen laburra, Razielen Itzulera (1998) urte hartako Zinemaldiko Zabaltegin estreinatu zena.
Orduz geroztik iraupen laburreko filmak egiten dihardu eta ez du egun film luzea egiteko asmorik. A dar ba kar (2000), Belarra (2002), Amuak (2004), Midori (2006) eta Columba Palumbus (2007) dira bere filmen artean aipagarrienak. Ikuspegi berezi eta begirada pertsonaletik jorratzen ditu bere istorioak. Eta bai irudiari dagokionez eta mezu aldetik ere, film iradokitzaile, tangentzial eta desafianteak egiten ditu.
Bere ibilbidean nazioarteko sari mordoa jaso eta jaialdi ugari eta garrantzitsuetan parte hartu du: Cannes-ko Semaine de la Critique, Gijon eta Sitges-ko jaialdiak ireki dituzte be bi lanek, Rotterdam, Cinemed, Ishfan Teheran, Tanger, G-niale Berlin, AFFF Amsterdam, Pusan Film Festibal, Barranquilla, Kerala, Sydney, Roma, San Francisco, Reunion, Mexiko... eta mundu osoko beste ehundaka jaialdietan ikusi ahal izan dira bere lanak. Lagun eta lankide ohikoekin modu independente eta autonomoan ekoizten ditu bere lanak. Formatu laburreko filmez gain, dokumentalak grabatu eta iragarki errealizadore gisa ere lan egiten du. The balde aldizkariko zuzendaria da, egunero itsasoko mareei adi izaten da, gauero Uxeta zakurrarekin paseatzen du eta bere rock garajero taldearekin jotzen dihardu.