"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jannike Åhlund Göteborgeko Nazioarteko Zinemaldiko (Suedia) zuzendaria izan da 2002tik 2007ko apirila arte.
Zine-kazetari eta iruzkintzaile moduan lan egin du bere herrialdeko egunkari, irrati eta telebistan. 1990 eta 1995 artean, Chaplin zine-aldizkariko erredakzio-buru izan zen, 1994ko Kazetaritzako Sari Nazionala irabaziz, urte horretan ere Ingmar Bergman saria eskuratu zuelarik.
Göteborgeko Zinemaldiaren zuzendaritza bereganatu aurreko hiru urteetan, zine-gaurkotasuneko zinema kritikari jardun zuen Filmkrönikan telebista-saioan.
Idazle moduan, Jannike Åhlund En sagolik (film)historia (Islandiako zinemari buruzko liburua) eta En liten bok om Hasse (Hasse Ekman suediar zuzendariari buruzkoa, Leif Furhammarrekin batera idatzia) lanen egile dugu. Berak idatzitako beste liburu espezializatu bat, New Cinema in Sweden, maiz berrargitaratu da eta beste hainbat hizkuntzatara itzulia izan da, ingelesera, espainolera eta errusiarrera, kasu.
2004az gero, Fårö Uharteko Bergman Astearen zuzendari da, berriki zendutako Ingmar Bergman jeinuaren lanari eskainitako sei eguneko ospakizuna (www.bergmanveckan.se). 2006ko Astean, Ingmar Bergmanek berak gogotsu parte hartu zuen bertan eta bertan Harriet Andersson aktoresarekin nahiz Josef Fares eta Ang Lee zuzendariekin bildu zen.
Jannike Åhlund Cannes 2003ko Un Certain Regard saileko epaimahaikide izan zen, baita Veneziakoan (Opera Prima) ere, urte berean. Halaber, hainbat urtez FIPRESCI epaimahai ezberdinetako kide izana da. Gaur egun, Stockholmen bizi da.