"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Mérida (Venezuela), 1931. 1947tik 1949ra Caracasko Teatro Experimental delakoan ikasi zuen eta ondoren, zuzendaritza ikastaro bat New Yorken Lee Strasberg ospetsuarekin.
Zinearekin harremanetan 50eko hamarkadan hasi zen Víctor Urruchúa mexikar zuzendariaren laguntzaile gisa, zeinak Venezuelan bi pelikula zuzendu baitzituen, Seis meses de vida eta Luz en el Páramo. 1955etik 1958 arte Televisora Nacional-eko zuzendari artistiko izan zen, arrazoi politikoak medio bere jarduna eten behar izan zuelarik. 1969an berriro itzuli zen telebistara, oraingoan Radio Caracas TVra, 1982an kargua bertan behera utzi zuen arte.
Chalbaud antzerki egile eta zuzendari garrantzitsua da. 1965ean, UNESCOren mendeko Antzerkiko Latinoamerikar Institutuko (ILAT) presidente izendatu zuten. Antzerkiko Sari Nazionala (1984) eta Zineko Sari Nazionala (1990) eskuratu ditu. Halaber, Andrés Belloren Ordena (Lehen Maila) eta Merituaren Ordena (Lehen Maila) eman dizkiote.
1974an, bere film luze gehienak ekoiztuko zituen Gente de Cine enpresa sortu zuen Miguel Angel Landa eta César Bolívarrekin batera. 1978an, Autore Zinematografikoen Erakunde Nazionaleko (ANAC) presidente izendatu zuten. Horrez gain, Fundación Cinemateca Nacional de Venezuelako zuzendari nagusi izana da.
Bere film guztiak zine-jaialdi eta erakunde garrantzitsuetan erakutsi dira, hala nola, Donostiako Nazioarteko Zinemaldian (1985ean atzera begirako bat eskaini zitzaion eta 1990ean Epaimahai Ofizialeko kide izan zen), New Yorkeko Arte Modernoko museoan, Mexikoko Unibertsitate Autonomoan eta Espainiako Filmotekan. El pez que fuma filmak Cartagena de Indiasko Zinemaldiko Film onenaren Urrezko India Catalina saria lortu zuen (1979) eta Pandemonium izenekoak Film onenaren saria Biarritzeko La Cita-n (Latinoamerikako Zinemak eta Kulturak), 1999an.