"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Isabel Coixet (Bartzelona, 1962) Historia Garaikidean lizentziatu zen, baina zine-zuzendari, ekoizle eta gidoilaria da. Bost film luze zuzendu ditu: Demasiado viejo para morir joven (1986, Donostiako Zabaltegin aurkeztua), Cosas que nunca te dije (1995), A los que aman (1998), Mi vida sin mí (2003), eta La vida secreta de las palabras (2005), sari ugari eta nazioarteko arrakasta ekarri dizkioten filmak denak. Taldeko pelikula pare batean ere parte hartu du, Hay motivo (2004) eta Paris, je t’aime (2006) lanetan esaterako. Dokumental batzuk ere zuzendu ditu, besteak beste, Viaje al corazón de la tortura (2002) eta Cartas a Nora (2006), eta genero-indarkeriari buruzko beste bat prestatzen dihardu, Me duele más a mí izenburupean.
La vida secreta de las palabras pelikulak 2006an, beste sari askoren artean, Film onenaren, Zuzendari onenaren, Jatorrizko Gidoi onenaren eta Ekoizpen Exekutibo onenaren Goya sariak, Sant Jordi eta Zilarrezko Fotogramas aipuak bereganatu zituen.
Mi vida sin mí pelikularekin, berriz, Moldatutako Gidoi onenaren eta Abesti onenaren Goya sariak, Berlingo jaialdian Alemaniako Filmategien Elkarteko saria, Sant Jordi saria, Kataluniako Generalitatearen Zinematografiako Sari Nazionala, Kanadako Atlantic Film Festival-ean Kanadiar Film onenaren saria, Emakumezko Aktore Onenaren Genie Saria (Sarah Polley) eta beste hainbat. A los que aman filmak San Franciscoko Latindar Zine Jaialdian Film Onenaren Saria eta Bartzelonako Udaleko Ciutat de Barcelona sariak lortu zituen. Cosas que nunca te dije filmarenak izan ziren Zilarrezko Fotogramas, Sant Jordi, Tesalonikako Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia, eta Pragako Jaialdiko Urrezko Golem sariak.
Target agentziaren eta Eddie Saeta ekoiztetxearen sortzaile eta sortze-zuzendari izana da gainera, bere iragarki-lanekin sari ospetsuenak eskuratuz. 2000. urtean Miss Wasabi Films ekoiztetxea sortu zuen, honekin bideoklip eta dokumental nabarmenak burutuz.
Antzerkiari dagokionez, Isabel Coixetek Helen Hannf estatu batuarraren 84 Charing Cross lanarekin egin du bere zuzendari debuta.