"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
1959an Kopenhagen jaiotako zine-zuzendari danimarkarra. Unibertsitatean ikasi eta 1984an Danish Film Academy-n graduatu zen. Zuzendari debuta 1990ean egin zuen Kaj’s fødselsdag (The Birthday Trip) filmarekin, Berlinaleko Panorama atalerako, New Yorkeko Arte Modernoko Museorako eta Rouen Jaialdirako hautatu zutena, azken honetan bi sari nagusi eskuratuz. Pare bat urtez film laburrak idazten eta zuzentzen, eta irratian nahiz telebistako sailetan eta programetan jardun zuen, besteak beste, bi sail komiko dibertigarrietan, Flemming og Berit (1994) eta Taxa (1997), non gerora bere pelikuletako aktore izango zirenetako batzuk ezagutu baitzituen. 1998an bere bigarren film luzea zuzendu zuen, Når mor kommer hjem (On Our Own) haurrentzako komedia dibertigarria, Montrealgo zinemaldiko Sari Nagusia eta Amsterdamgo Cinekid Prize irabaziko zituena.
2000. urtean nazioarte mailan ezagutarazi zen Italiensk for begyndere (Italiera hasiberrientzat) komediaren arrakasta itzelari esker, Dogma 95 mugimenduari atxikia eta Berlinen Zilarrezko Hartzaz eta Valladoliden Urrezko Galburuaz saritua. Non-nahi estreinatua, Italiera hasiberrientzat munduko Dogma film ezagunena bihurtuko zen.
2002an, Wilbur Wants to Kill Himself (Wilburrek bere burua hil nahi du) zuzendu zuen, Eskozian filmatua, ingelesez eta Dogmaren Kastitate-botoari muzin eginez. Komedia beltz honekin, Lone Scherfigek bere filmografian nonahiko ikusleekin konektatzen duen zinemaren oinarritzat sumaezina, umore zentzugabea eta pertsonaien arteko harremanen baikortasuna eta hauskortasuna hartuko ditu.
Hans Scherfig idazle handiaren iloba delarik, Lonek osabarenak ditu errealitatea sotilki marrazteko, bere pertsonaien larru azpian sartu eta istorioetan gertatzen zaizkien gauza on eta txarren bulkadak erakusteko, nahiz malenkoniaren eta umorearen arteko oreka hauskorra aurrera ateratzeko gaitasuna.
Une honetan, Kroniken izeneko telesailan kolaboratzen dabil eta 2006an filmatzeko asmoa duen Erik Nietzsche-The Early Years bere hurrengo lanaren xehetasunak zehazten dihardu.