"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
1999. urtean, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren Donostia saria jaso zuen bere zine-jardunbidea gorestearren, eta harrez gero igarotako sei urteetan jarraipen bikaina izan du.
Aktore/zuzendari-familia bateko hirugarren belaunaldia izanik, Anjelica Huston 1951n jaio zen. Aitona Walter Huston aktore aparta zuen eta aita, berriz, John Huston zinegile handia. Normala denez, Anjelicak horien bien urratsak jarraitu zituen, nahiz eta, hasieran, aitaren aurkaritzari aurre egin behar izan zion. Anjelica Irlandan hazi zen, Hollywoodeko mundutik urrun, baina hori ez zitzaion oztopo gertatu aktore izateko ametsari eusteko. Horrela, 1969an, aitak zuzenduta egin zuen debuta A Walk with Love and Death (Ibiladia maitasuna eta heriotzan barrena) filman. Hamabost urte igaro ziren aitarekin berriro lan egin aurretik, 1985ean Prizzi’s Honor (Prizzitarren ohorea) filman Maerose Prizzirena egin eta bigarren aktorearen Oscarra eskuratu zuen arte. Bi urte geroago, John Hustonen azken filmeko The Dead (Dublindarrak) antzezpenarekin, aita-alabak egundoko oparia egin zioten elkarri.
1989an, Woody Allenekin lehenengoz jardun zuen Crimes and Misdemeanors (Delituak eta hutsegiteak) pelikulan, eta 1993an berriz egin zuten Manhattan Murder Mystery (Hilketa misteriotsua Manhattanen) lanean.
Bere film ezagunen artean nabarmen dira Paul Mazurskyren Enemies: A Love Story (1989), bigarren aktore onenaren Oscarrerako izendatua; Barry Sonnefeldek zuzendutako The Adams Family-ren (Adams familia, 1991 eta 1993) bi atalak, Morticia ahaztezina haragituz; Stephen Frearsen The Grifters (Iruzurgileak, 1990), Emakumezko Aktore onenaren Oscarrerako proposatua; eta Sean Pennen The Crossing Guard (Iluntasuna zeharkatuz, 1995). 1996an, Anjelica Hustonek zuzendaritzari heldu zion Jennifer Jason Leighek antzeztutako Bastard Out of Carolina lanarekin, eta 1999an Agnes Browne zuzendu eta antzeztu zuen, Cannesko Errealizadoreen Astean aurkeztua eta Donostiako Zinemaldiko Gazteriaren sariaren irabazle.
Zuzendari lanetan egindako azken lana da Riding the Bus with My Sister telebistarako filma, Andie MacDowell protagonista duela, aurtengo maiatzan emititu zena. Aspaldi ez dela, Clint Eastwooden Blood Work (Odolezko zorra, 2002) filman, eta Wes Andersonen bi pelikulatan ikusi ahal izan dugu, The Royal Tenenbaums (Tenenbaumdarrak, 2001) eta The Life Aquatic with Steve Zissou (2004). Aurten, azkenik, Terry Zwigoffen Art School Confidential-en lan egin du John Malkovichekin batera, eta Martha Coolidgeren Material Girls pelikularen filmatzea amaitu berri du.