"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinema klasikoan aditua den Melanie Tebb zine munduan British Film Instituteko Banaketa Departamentuan lan eginaz hasi zen, bertan egitasmo ezberdinetan parte hartuz, besteak beste, Powell eta Pressburgerren hainbat filmeren berriztapenean, eta errusiar zinema mutuaren eskuratzean eta Piper-Heidsieck Classic Film Collection bildumaren hastapenean.
Duela zortzi urtetik hona, Hollywood Classics zine klasikoaren banaketa-etxeko partaide da, Estatu Batuetatik kanpoko zine-aretoen emanaldien arduradun gisa. Hollywood Classics-ek harreman estuan lan egiten du Hollywoodeko ekoiztetxe handi gehienekin, honen urrezko garaiko filmak zine-pantaila garaikideetan bizirik jarrai dezaten bermatuz. Bere egitekoari esker, filmategi, jaialdi eta banatzaileekin harreman adiskidetsuak ditu, kopia berritan eta berriztatutako bertsiotan aurkezten diren zinemako klasikoentzako ahal den ikusleria zabalena lortzearren.