Bere aurpegi tankera zorrotz eta begirada kezkagarriaz, aktore berezi hau bilauen paperetan sailkatu zitekeen, David Lynchen Bihotz basatiak (Wild at Heart) pelikulan bezalaxe. Ordea, estereotipo honetatik urrundutako pertsonaiekin sona handia lortu du, Oliver Stonek gobernaturiko Platoon-eko Elias sarjentua, Paul Shraderren Iheserako aukera (Light Sleeper) filmeko dealer ameslaria edo Martin Scorseseren The Last Temptation of Christ (Kristoren azken tentaldia).
Willem Dafoe duela 50 urte jaio zen Appletonen (Wisconsin) zazpi senideetako familia batean. Unibertsitatean ikasi ondoren, New Yorken finkatzea erabaki zuen bere pasio kutunena, antzerkiko aktore izatea, lortzearren. The Wooster Group kolektiboan sartzea lortu zuen, hiriko abangoardia-talde ospetsuenetako batean, eta orduantxe erreparatuko zion zinemak aktore honi: Michael Ciminoren Zeruko atea (Heaven’s Gate) filman egindako paper txiki batek beste film batzuetarako bidea zabaldu zion (Walter Hillen Suzko kaleak - Streets of fire, edo William Friedkinen Los Angelesen bizi eta hil - To live and Die in L.A.), harik eta Oliver Stoneren Platoon filman bere bizitzako aukera izan zuen arte, lan honekin Oscarretarako bere lehen izendapena erdietsiz.
Willem Dafoek ez du eragozpenik protagonista paperak garrantzi gutxiagoko antzezpenekin tartekatzeko. Edo genero desberdinak txandakatzeko. Aktore gisa duen harikortasun apartari esker, Sam Reimiren Spider-Man filmeko berdez tindaturiko inguma gaiztoa izan daiteke, edo zinemako banpiro Banpiroaren itzala (Elias Mehrigeren Shadow of the Vampire) filman, zeinaren antzezpenagatik Oscarretarako bere bigarren izendapena lortu baitzuen, edo Caravaggio salataria, Gaixo ingelesa (Anthony Minghellaren The English Patient) lanean edo John Watersen Cry-Baby haurren zaintzaile beldurgarria.
Bere antzerki-lanak erabat baztertu gabe, Willem Dafoe zineman gailendu da, besteak beste, honako pelikulatan: Alan Parkerren Mississippi sutan (Mississippi Burning); Oliver Stoneren Uztailaren 4an jaioa (Born on the Fourth of July); Paul Austerren Lulu on the Bridge; Julian Schnabelen Basquiat; David Cronenbergen eXistenZ; Mary Harronen American Psycho; Mark Peploeren Victory; Lars Von Trierren Manderlay…
Horietan guztietan, balio handiko aktore aldakor bat antzematen da, bere antzezpena medio, edozein lan duin bihurtzen duena. Talentu bikaina berea, horrexegatik jasoko du aurten Donostia Saria.
filmografía
Willem Dafoe
Aktore lanetan
Gidoilari lanetan
Ekoizle lanetan