"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Grossetoko (Italia) Santa Fioran jaio zen. Dantza ikasi eta oso gaztetan antzerkian ibili zen, hogei urte bete baino lehen Hamlet-en egokitzapen berezi bateko Ofelian bihurtu zuen Carmelo Beneren laguntzaz. Zinean 1980an hasi zen, Giuseppe Bertolucciren Oggetti smarritti antzeztuz, eta handik urte betera, haren anaia Bernardo Bertolucciren La tragedia di un uomo ridícolo filmean, Ricky Tognazziren neska-lagun anbiguoa antzeztu zuen. Urte hartan alaba bat izan zuen eta Nanni Moretti ezagutu zuen, Sogni d’oro eta, handik hiru urtetara, Bianca antzezteko deitu zuena. Dotorea, sentibera, gogor eta grinatsua, Laura Morante italiar aktore gazte interesgarrietakoa da, ez bere herrialdeko zinegile kezkatsuenek deitua soilik, zuzendari atzerritar ezberdinek ere bilatua, baizik. 80ko hamarkadaren erdialdean, Parisen kokatu zen, eta handik, tarteka, Italian, Espainian eta Frantzian lan egin zuen: Alain Tannerren La vallée fantôme (1987), Gianni Amelioren I ragazzi di via Panisperna (1988), Gabriele Salvatoresen Turné (1990) eta Vicente Arandaren La mirada del otro (1998). Oso aktore aldabera da eta ez du zuzendari hasiberri edo ezezagunekin lan egiteko arazorik. Besteak beste, Paolo Virzì (Ferie d’agosto, 1996), Roberto Faenza (Marianna Ucrìa, 1997) eta Cristina Comencinirekin (telebistarako egindako Liberate i pesci!, 2000) lan egin du. Bitartean, antzerkian lan egiten jarraitu du, Mario Monicelliren Le relazione pericolose eta Benno Bessonen Moi antzeztuz, adibidez. 2001ean, berriro Nanni Morettirekin lan egin zuen, La stanza del figlio sarituan desagertutako amaren rol mingarria jokatzeko eskatu zionean. Iraganean dantzaria izana oso lagungarria izan zen John Malkovichek zuzendutako lehen filmean (Pasos de baile/The Dancer Upstairs) Yolanda dantza irakasle konprometitua sinesgarritasun handiz antzezteko. Moranteren azken bost filmen zuzendariak Michele Placido, Gabriele Muccino, Carlo Verdone, Chris Nahon eta Angelo Longoni dira.