Coen anaiek Jeff Bridges Lebowski Handia izango zela erabaki zutenean, ez zuten inongo ezbairik izan. Bere presentzia fisikoa zuen aktore batek bakarrik antzez zezakeen itxuraz axolagabe zen pertsonaia bat, baina aldi berean izugarri erakargarria zena, gauza guztiekiko arduragabe agertuz, baina errealitatearekin biziki konprometitutakoa. Erakargarria eta konprometitua, bere lehen agerraldietatik halakoxea izan da Jeff Bridges. Tira, agian hori gehiegi esatea da, pantailan lehenengoz lau hilabete besterik ez zituela azaldu baitzen. Eta hau ez da harritzekoa.
Lloyd Bridges eta Dorothy Simpson aktoreen seme, Jeff eta Beau bere anaia zaharrena zine giroan hazi ziren, Hollywoodeko berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan. Sormen handiko urteak ziren eta Jeff Bridgesek bazuen non aukeratu. Margolari izan zen –margotzen dihardu–, eta erakusgarri gisa bere web orria, bisitatzeak merezi du, dibertigarri eta irudimentsuenetako bat baita, The Door in the Floor (Emakume zail bat) bere azken pelikulako marrazkiak ere bertan ikusi eta gozatu daitezke. Musikari eta abeslari izana da halaber –2000. urtean disko bat kaleratu zuen, “Be Here Soon” –, eta bere konposizioak kantatu izan ditu hainbat filmetan. Argazkizale ere bada, –filmaziotan ateratako argazki-liburu bat argitaratu berri du–, baina bereziki, aktore bikaina izan da. 21 urte betetzeko zituen Peter Bogdanovichen The Last Picture Show (Azken emanaldia) filma protagonizatu zuenean. Duane Jackson izan zen Jeff berarekin batera hazi diren pertsonaia bihurri eta ez oso konbentzional horietako lehena. John Hustonen Fat City-ko Ernie boxeolari gaztea; Jack, Rancho Deluxe-ko protagonista, film garrantzitsua berau, bertan Susan Geston ezagutu baitzuen, zeinarekin 1975ean ezkondu eta hiru seme-alaba izan dituen; Preston Tucker, Coppolaren filmeko asmatzaile ameslaria; Jack Baker, Steven Klovesen The fabulous Baker Boys filmeko musikari bakarzalea; Jack Lucas, Terry Gilliami esker Arrantzale Errege bihurtutako yuppie erruduna; eta orain artean bere azken pertsonaia handia dena, Ted Cole, Tod Williamsen The Door in the Floor (Emakume zail bat) pelikulan Kim Basingerrekin batera tragedia bat bizi duen ipuin idazlearena. Hauek dira burura datozkigun batzuk, baina askoz gehiago daude hogeita hamar urteko jardunbidean eta berrogeita hamar pelikulatan, azkena The Moguls delarik, Michael Traegerrek zuzendua.
Gosea munduko arazo larria dela jakitun, Jeff Bridges End Hunger Network erakundeko bultzatzailetako nagusienetako bat da; hori dela eta, Raul Julia saria eman zioten 2000. urtean. Oscarrerako lau aldiz izendatua, 1972, 1975, 1985 eta 2001ean, Donostiako Zinemaldiak aurten emango dion Donostia Sariak lehen mailako aktorea, eta baita pertsona ere, omendu nahi ditu, bere web orrian agertzen den jakintsuaren modura, zoriontsu izateko bost arauak jarraitzeaz harro dagoen hori: 1. Bihotza gorrotoz garbi eduki. 2. Kezkak burutik uxatu. 3. Bizi, besterik gabe. 4. Gehiago eman. 5. Gutxiago espero.