"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Iparramerikar zinemako azken errebeldea dela esan daiteke. Kausa eta arrazoidun errebeldea. Zalantzarik gabe, denik eta aktorerik kontsekuentenetako bat da bere ideiatan eta bere lanean. Sean Pennek urte gutxitan erakutsi du 30eko hamarkadako James Cagney, 40ko hamarkadako Bogart, edo 60ko hamarkadako Pacinoren gisako aktore-leinuen oinordeko duina dela. 1960an, ikuskizunen munduan murgildutako familia baten baitan Kalifornian jaioa, Sean Penn artegintzan diharduten hiru anaien erdikoa da: anaia zaharrena musikari du, eta gazteena, berriz, aktore. Surfzale amorratu, eta antzerki-aktore New Yorken, Harold Beckerren Taps pelikulan Timothy Hutton eta Tom Cruiserekin batera antzeztutako kadete paperak une hartako aktore gazteen lehen mailan kokatu zuen aurki. Lau urte geroago Huttonekin topo egin zuen berriro John Schlesingerren The Falcon and the Snowman filman. 1988an, Robert Duvallekin batera Dennis Hopper zuzendari zuen Colors (Gerrako koloreak) pelikulan aritu ondoren, bere bizitza aldatzen hasi zen. 1991n Robin Wright ezagutu, zeinarekin bi seme-alaba izan dituen, eta Indian Runner bere lehen pelikula zuzendu zuen. Aktore jardunbideari ekin zion The Crossing Guard (Iluntasuna zeharkatzen) eta The Pledge (Juramentua) pelikuletan, biak Jack Nicholsonekin batera, eta irailaren 11ko atentatuen gaineko bere ikuspegia eman zuen 11’09’’01-September 11 film kolektiboaren AEB atalean. Aldi berean bere aktore ospea hazten ari da hainbat pertsonaia gogorrekin, hala nola, Dead Man Walking (Heriotz-zigorra), Susan Sarandon eta Tim Robbinsen lagun min bihurtu zuena, Terence Malicken The Thin Red Line (Lerro gorri mehea), Jessie Nelsonen I am Sam (Ni Sam naiz), Clint Eastwoodek zuzendutako Mystic River, edo Alejandro González de Iñárrituren 21 grams, zeinarekin Veneziako zinemaldian Aktore Onenaren Volpi Kopa eskuratu berri duen.