"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gogoz kontra bada ere, badira ikono bihurtu diren aktoreak. Belaunaldi jakin baten nahiak, frustrazioak, itxaropenak eta hutsegiteak pertsonaia mitiko haiengan ezagutzen dira, haiekin batera hazi baitira. Dennis Hopper horietako bat dugu. Askorentzat Estatu Batuak moto batez ziztu bizian bere patuaren bila zeharkatzen dituen irudia da, beste batzuentzat, aldiz, Vietnamgo oihan basatietan izuaren eta lazturaren argkilariaren eldarniozko irudiari lotuta dago, badira lagun amerikar tentatzailea gogoratzen dutenak ere, edo motoz zihoazen bi mutilen aita mozkorti eta kutuna bezala, tertziopelo urdinaz inguratutako pertsonaia asmatiko eta maltzurra ahaztu gabe. Ez gara ezkutuko klaberen batean ari, Hopper aktore edo zine-zuzendari bat baino askoz gehiago dela egiaztatzen duten zenbait pelikulen erreferentzia argiez ari gatzaizkizue.
Dennis Hopper 1936ko maiatzaren 17an Dodge City-ko (Kansas) zelai zabaletan jaio zen. Bere hitzei kasu eginez gero, 13 urte bete arte ez omen zuen mendirik ikusi, eta ozeanoa lehenengoz begiztatu zuenean, bere jaioterriko gari-soroen hodeiertz garbia urdinez tindaturik zenkusala iruditu zitzaion. Irudia beti izan da bere grina. Argazkiak egiten 18 urterekin hasi zen, aldi berean telesailetan nahiz zineman bere lehen paperak antzezten zituela. Etorkizun handiko aktore gazte karrerari ekin zion James Dean, Nathalie Wood eta Sal Mineorekin batera Rebel Without a Cause (Kausarik gabe errebelde) filman, edo Elizabeth Taylor eta Rock Hudsonen seme bihurri gisa Giant (Erraldoia) pelikulan. Baina 22 urterekin Hollywoodetik alde egin eta New Yorken kokatu zen Actor's Studio ospetsuan ikasteko.
60ko hamarkada Vietnamgo gerraren, drogen eta askapenaren sasoia izan zen zentzu guztietan. Une haiek bete-betean bizi ez ezik, Hopper hippie mugimenduaren alderdirik erradikalenaren zutoihaldun bihurtu zen halaber, Iparramerikako errepideetan barrena filmaturiko pelikula mitiko bati esker. 31 urte zituen Easy Rider motoaren gainean jarri zenean, eta bere bizitza zentzu orotan azeleratu zen. Baina Hopper gizon argia da eta aurrerantzako ihesa etsipenera baino ez zeramala garaiz ohartu zen. 80ko hamarkada bukaeran, 50 urte bete zituenean, iparra erabat bideratuta zeukan. Horren emaitza dira bere aktore ibilbide bikaina, gero eta sendoagoa den zuzendari-lana eta erreferentzi pertsonaia bihurtu duen bizimodua.