"Z365" o "Festival todo el año" es la nueva apuesta estratégica del Festival en la que confluyen la búsqueda, el acompañamiento y el desarrollo de nuevos talentos (Ikusmira Berriak, Nest); la formación y la transmisión de conocimientos de cine (Elías Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Diálogos de cineastas); y la investigación, la divulgación y el pensamiento cinematográfico (el proyecto Z70, Pensamiento y debate, Investigación y publicaciones).
Luigi Comencini, Pietro Germi eta Dino Risi zinemagileekin batera komedia italiarra irauli zuen Mario Monicelli maisuak 50eko eta 60ko hamarraldietan. I soliti ignoti (1958) eta La grande guerra (1959) dira, hain justu, bere maisulanik ezagunenak. Arras ezberdinak biak. Lehena, komedia italiarraren gailurra da. Bestea, aldiz, gerraren aurkako apologia tragikomiko aparta. Monicellik Zilarrezko Maskorra -Hitchcock-en Vertigo-rekin partekatua– bereganatu zuen I soliti ignoti (1958) dibertigarriarekin Donostiako Zinemaldian. La grande guerra (1959) drama zirraragarriarekin, aldiz, Veneziako Mostra-ko Urrezko Lehoia irabazi zuen.
Erromako bahitetxe ezagun bateko kutxa gotorreko dirua ostu eta txirotasunetik ihes egin nahian dabilen lapur talde xelebre baten nondik norakoak dakartza I soliti ignoti (1959) atseginak.Garaiko aktore esanguratsuenetakoak –Marcello Mastroianni, Vittorio Gassman,Totò eta Claudia Cardinale– bildu zituen Monicelli maisuak bere harribitxirik finenean. Komedia aparta ez ezik,sasoi hartako italiar gizartearen isla gordina ere bada; neorrealismoak berak biluzitako pobrezia ironiaren bitartez salatzen duena. Izan ere, goseak bilakatzen ditu lapur protagonistak. Zorigaiztoko patutik ihes ezinik dabilen galtzaile talde maitagarri baten erretratua baitakarkigu Monicellik. Surrealistak bezain samurrak guztiak. Neska hauskorren aurrean urtzen direnak; adiskide mendekuzaleak estimatzen dituztenak eta afari goxo batengatik billete-sortak ere ahantzi ditzaketenak.
Saminagoa da, ostera, La grande guerra (1959), egiazki. Estreinatu zen sasoian polemika ikaragarria piztu zuen Italian; I. Mundu Gerran italiarrek izan zuten papera sarkasmo mingotsez islatzen du eta. Oreste eta Giovanni soldaduak –Alberto Sordi eta Vittorio Gassman– dira filmeko antiheroiak. Koldarrak bezain alprojak biak. Lubakietako bizipen latzak errealismo zikinez islatzen ditu Monicellik filmean; gerraren absurdua ageri-agerian utziz. Pobreak, nekazariak eta gaizkileak dira italiar aberriaren abangoardia. Hiltegia zain duen artaldea, alegia. Kritika karmina da oso. Hala, Sordi-Gassman bikotearen umorea eta Silvana Manganoren erromantizismo etsia dira gerraren garraztasuna gozatzen duten bakarrak. Bukaeran, baina, alprojen zikoizkeria samurtasun bilakatuko da. Gerraren gordina saihets ezin dezakeen xalotasun.
“Commedia dell’arte” gogoangarriaren uharari jarraiki sortu zituen film entzutetsuenak Mario Monicelli maisuak. Hortaz, bere komediak ez dira hutsalak inolaz. Klase sozial apalenen miseria salatzen baitute. Irriaren bitartez. Erromantizismoaren konplizitateaz. Dramari muzin egin gabe. Gehienetan, bukaera zoriontsurik ez dago. Ezta I soliti ignoti (1958) gazi-gozoan ere. Lapurrak esku-hutsik itzultzen dira-eta auzunera. Egunerokotasunik grisenera. Amesteko gai dira oraindik, ordea. Ametsek aterpe hartu baitute haien bihotzetan. Horrexegatik marrazten ditu irribarreak galtzaileon ezpainetan itxaropenak. Monicelliren unibertsoan esperantza delako txiroenen aberastasun bakarra.
Bere komediak ez dira hutsalak inolaz. Klase sozial apalenen miseria salatzen baitute
Iñaki LAZKANO