"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aurten, Klasikoak saila Tasio (1984) filmarekin inauguratuko da, Montxo Armendarizek zuzendutako filma Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinatu zutela 40 urte betetzen direla aprobetxatuz. Sail horrek zinema unibertsaleko klasiko zaharrak eta modernoak berreskuratzen ditu 2018az geroztik, eta askotariko filmak eman dira azken bost urteetan: Akai Tenshi / The Red Angel (Yasuzo Masumura, 1966), Principio y fin / The Beginning and the End (Arturo Ripstein, 1993), Zacharovannaya Desna / Enchanted Desna (Yuliya Solntseva, 1964), Érase una vez... (Alexandre Cirici Pellicer eta Josep Escobar, 1950), Festival en las entrañas (José Val del Omar, 1963-1965), Nueve cartas a Berta / Nine Letters to Berta (Basilio Martín Patino, 1966), Fúria espanyola / Spanish Fury (Francesc Betriu, 1975), Manicomio / Asylum (Fernando Fernán-Gómez eta Luis María Delgado, 1953), Sátántangó (Béla Tarr, 1994) edo Lumière! L'aventure commence / Lumière! The Adventure begins (Thierry Frémaux, 2016) —azken horren emanaldiarekin abiarazi zen programa hau—.
Klasikoak, zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituen saila, 2018an sortu zen, L'aventure commence filmaren aurkezpen gogoangarria egin eta urtebetera. Saio hartan, Thierry Frémaux Cannesko zinema-jaialdiko eta Lumière Institutuko zuzendariak komentatutako emanaldi bat egin zuen. Tabakalerako zinema-aretoan egiten den sail honetan bertsio zaharberrituak proiektatzen dira, garai guztietako film klasikoak maite dituzten ikus-entzuleek goza ditzaten.