Donostia Zinemaldiak beste urtemuga bat beteko du aurten (65 urte igaro dira lehen ediziotik), baina ez du nostalgian erortzeko asmorik, ezta iraganean gordetzekorik ere. Aitzitik, iraganeko ondare aberatsa inoiz ahaztu gabe ere, edizio berri honek orainaldiari begiratzen dio erabat. Zinema-jaialdi bateko programazioa osatzen duten filmen aukera “bidaia bat da, zinemaren egoeraren bat-bateko argazkia, eta iragazkirik gabe erakutsi behar zaie haren kalitatea ebaluatuko dutenei”; halaxe adierazi zuen, egokiro adierazi ere, Canneseko zinema-jaialdiaren ordezkari nagusi Thierry Frémauxek Selection officielle: Journal liburuan. Aurtengo Sail Ofiziala osatzen duten izenek ongi zehazten dute gaur egungo esperientzia zinematografikoen erretratu hori. Askotarikoa da estilo eta gaiei dagokienez, eta koherentea munduaren eta giza izaeraren erradiografia hori proposatzeko garaian; hots, pentsamolde bakarrarekiko erresistentzia hori, betiere zinema onaren helburu izan behar duena.
Ibilbide sendoa egin duten hainbat zinemagile bilduko dira aurten Donostian: Barbara Albert, Urszula Antoniak, Alexandros Avranas, Anahí Berneri, Albert Dupontel, Emmanuel Finkiel, James Franco, Yves Hinant eta Jean Libon, Diego Lerman, Manuel Martín Cuenca, Antonio Méndez Esparza, Olivier Nakache eta Éric Toledano, Constantin Popescu, Matt Porterfield, Alberto Rodríguez, Björn Runge, Robert Schwentke, Nobuhiro Suwa eta Wim Wenders. Donostiara itzuliko dira, halaber, beren lan berriak aurkeztuko dituzten eta Zinemaldiarekin lotura handia duten zenbait zuzendari; adibidez, Aitor Arregi eta Jon Garaño edo Fernando Franco. Horrez gain, jendaurrean ezagutzera emango dira beren lehen film luzeak aurkeztera datozen promesa berriak: esaterako, Ivana Mladenovic edo Sergio G. Sánchez. Halakoa da zinema garaikidearen aberastasuna, mosaiko horretan badagoela lekurik ere Jean-Michel Cousteauren eta Jean-Jacques Mantelloren ez-fikzioko zinemarentzat edo Akiyuki Shinbo eta Nobuyuki Takeuchi anime-artisten lanarentzat.
Donostia Zinemaldiaren xedea beti izan da oinak lurrean ongi finkatuta dituela etorkizunera begiratzea, baita gainerako sailetan ere. Horizontes Latinos sailean, Latinoamerikako urteko zinema haztatu, eta osasun opagarria duela ikusten dugu; Zabaltegi-Tabakalerak, aldiz, film luze, labur, telesail eta lan esperimentalen erakusgai harrigarriak bildu, eta elkarrekin hartu-emanean jartzen ditu zinemagintzan aspalditik diharduten heterodoxoak eta ia urratu gabeko bideak ibiltzen dituzten promesa berriak. Eta ba al da etorkizunerako apusturik, Zuzendari Berriak saila osatzen duten filmena baino hobeagorik? Izan ere, aurkezpen-gutun bikaina dira lehen eta bigarren lanen katalogo horretako obrak.
Zinema-jaialdi batek betiere izan behar du astebeteko hitzordu zinematografiko egitekotsu bat baino gehiago: urte osoan jardunean egongo den proba- eta esperimentazio-eremua izan behar du, eta hala tokiko nola nazioarteko zinemagintza babestu. Horrexegatik abiarazi du Zinemaldiak, adibidez, Ikusmira Berriak programa, berrikuntzaren eta esperimentazioaren alde egingo duten ikus-entzunezko proiektuak garatzeko, sortzaileei egonaldia eta produkzio eta postprodukziorako laguntzak eskainiz, eta horrexegatik dihardu elkarlanean Elías Querejeta Zine Eskola berria martxan jartzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzendutako ekimen horretan, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa ditu bidelagun.
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan aurkezten diren garapen-bideko proiektuetan ere gauzatzen da Zinemaldiak ekoizpen zinematografikoari emandako babesa, edo Zinema Eraikitzen programan (hogeita hamabigarren edizioan aurten); hau da, postprodukzio-fasean dauden Latinoamerikako filmei laguntza emateko helburua duen sailean. Bestalde, edizio honetan bere ibilbideari ekin dio Glocal in Progress programak ere. Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako filmen ekoizpena sustatzea du asmo, zinema hizkuntza- eta kultura-aniztasuna jendarteratzeko tresna bihur dadila ahalbidetzeko. Izan ere, helburu horixe izan beharko lukete gaur egungo zinemak eta, honek bezala, hura ikustera eman nahi duten zinema-jaialdiek: batzen gaituen guztia aurkitzea, hain zuzen, diferentziari esker.