Kimi no Na Wa / Your Name filma ekoitzi zuen etxearen lan berria, 2013ko Goncourt saria irabazi zuen eleberriaren egokitzapena, eta Arnold Schwarzenegger-en ahotsak gidatutako esplorazio hiru-dimentsioduna itsasoko altxorretan barrena: hiru lan horiek gehitu zaizkio Fernando Franco zuzendariaren Morir filmari Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko lau emanaldi bereziak osatzeko.
Albert Dupontel (Saint-Germaine-en-Laye, Frantzia, 1964) aktore gisa lan egin du Gaspar Noé eta Jacques Audiard zuzendarientzat; hark egindako filmen artean daude, adibidez, Bernie (1996), haren lehen lana, eta 9 mois ferme (2012), 2013ko Perlak sailari amaiera eman zion eta gidoi onenaren eta emakumezko aktore onenaren (Sandrine Kiberlain) Cesar saria jaso zuen filma. Orain, Au revoir là-haut / See You Up There zuzendu, protagonizatu eta idatzi du -izen bereko eleberria idatzi zuen Pierre Lemaitre egilearekin batera-.
Wonders of the Sea 3D, Schwarzeneggerrek (The Terminator, Total Recall) ekoitzi eta kontatutako filma, hiru urtez filmatu da, hasi Fijietatik eta Bahametara arteko urpeko munduetan. Jean-Michel Cousteau (Toulon, Frantzia, 1938) esploratzaile eta ekoizleak, Jaques-Yves Cousteauren semeak, Jean-Jacques Mantello izan du zuzendarikide film honetan. Mantello aurrendari izan da urpeko zinemagintza hiru-dimentsiodunean; haren lanen artean, kasurako, 2009an Belodromoan proietatutako Ocean World 3D filma dago.
Kimi no Na Wa / Your Name iaz estreinatu zen Donostian, eta Japoniako animazio-film arrakastatsuena izan da txartelen salmentari dagokionez; bada, filmaren ekoiztetxeak Uchiage hanabi, shita kara miruka? Yoko kara miruka? / Fireworks, Should We See it From the Side or the Bottom? aurkeztu du aurten. Akiyuki Shinbok (Fukushima, Japonia, 1961) eta Nobuyuki Takeuchik zuzendua, Shunji Iwai-ren izen bereko telesaila da filmaren oinarria.
Hiru obra horiek osatuko dute Sail Ofizialeko emanaldi berezien atala, Fernando Francoren (Sevilla, Espainia, 1976) jada iragarritako Morir filmarekin batera. Francok bi sari eskuratu zituen Donostian bere lehen lanarekin (La herida): Epaimahaiaren Sari Berezia eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra (Marian Álvarez).
Hala, dagoeneko iragarri dira aukera ofizialeko filmetatik hemezortzi. Datozen asteetan, saila osatuko duten gainerako filmak jakinaraziko dira.
1919ko azaroa. Lubakietatik bizirik atera diren gizon bik iruzur bat antolatuko dute gerrako hildakoen monumentuen inguruan. Haietako bat primerako ilustratzailea da; bestea, kontulari xumea. Hogeiko hamarkadako Frantziako urte zoroetan, haien operazioa arriskutsu bezain ikusgarri bihurtuko da. Pierre Lemaitre idazlearen Au revoir là-haut eleberriaren egokitzapena (Goncourt Sariaren irabazlea).
Luisen eta Martaren bizitzak bat-batean geldituko dira. Gezurrek, erruak eta beldurrak proban jarriko dute bikotearen egonkortasuna.
Udako oporrak itsas aldeko herri batean. Su artifizialen festaren bezperan ikaskide batzuk eztabaida bizian dira, ea suak borobilak edo lauak diren albotik ikusten badira. Nazuna, Norimichik gustuko duen ikaskidea, bere pentsamenduetan galduta dago; izan ere, jakin berri du amak eskolaz aldaraziko diola, berriz ezkontzekotan baita. Nazunak elkarrekin ihes egiteko eskatuko dio Norimichiri, baina amak harrapatu eta etxera eramango du Nazuna. Norimichik ezin du begiratu besterik, ezinean eta alferrik. Nazuna ez laguntzeagatik frustraturik, Nazunak hondartzan aurkitutako bola misteriotsu bat jaurtiko du Norimichik. Bat-batean, denborak atzera egingo du, Nazuna etxera joatera behartua izan baino lehenagoko unera… Zer gordetzen du patuak Nazuna eta Norimichirentzat behin eta berriz errepikatzen den egun horren amaieran? Suek zerua pizten dutenean, maitasunaren miraria suertatzen da.
Hiru urtean zehar 3Dn filmatua, hasi Fiji irletatik eta Bahametaraino, film honek bidaia zirraragarri batean murgiltzen gaitu, gure planetaren azaleraren %71 estaltzen duten ozeanoetan urperatuz. Arnold Schwarzenegger-ek, The Terminator eta Total Recall filmeen protagonista mitikoak, ekoitzitako eta kontatutako dokumental ikusgarria. Ikusleari itsasoko altxorren eta horiek gordetzeko beharraren inguruko kontzientzia harrarazi nahi dion film bat. Zuzendarikideetako bat zientziaren zabalkundearen aitzindari enblematikoaren, Jacques-Yves Cousteauren, semea izan da.