"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinema Ikasleen Nazioarteko XVI. Topaketarako izen-emate epea, gaur, ekainaren 1ean irekitzen da. Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak - Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Guneak elkarlanean antolaturiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketak, ikus-entzunezkoen arloko esperientziak eta ikaskuntza elkarbanatzea du xede, munduko zinemagintzako jaialdi garrantzitsuenetako baten barruan.
Aurten Topaketak bost egun iraungo ditu, irailaren 25etik, astelehena, 29ra, ostirala, aurreko urteetan baino egun bat gehiago. Hala, Donostia Zinemaldiak talentu berriak sustatzeko estrategiaren inguruko sail garrantzitsuenetako bat indartzen du.
Zuzendari gazteek beren film laburrak erakusteko aukera daukate, bertaratzen diren adituen iritziak jaso eta beraien interesguneak lantzeko tailerretan eta master class-etan parte hartu dezakete Topaketa honetan.
Publikoak, ikasleek eta profesionalek hautatutako film laburrak ikusiko eta hauen inguruan eztabaidatuko dute, modu honetan zinemagintzaren teoria eta praktikaren arteko debatea sorraraziz, baita ekoizpen modelo ezberdinen inguruan edo eta zinemagintza industriaren inguruan ere.
Hautaketara aurkezten den eskola bakoitzak gehienez hiru film labur aurkeztu ahal izango ditu eta hauek 2015/2016 eta 2016/2017 ikasturtean egindakoak izan beharko dira. Guztira hamalau film labur inguru lehiatuko dira Topaketan.
Film irabazlea zein den erabakitzeko berariazko epaimahai bat osatuko da parte hartzen duten eskoletako ikasleekin eta Zinemaren alorreko pertsona ospetsu bat izango da bertako buru. Guztien artean erabakiko dute nork irabaziko duen Panavision Saria. Sariak bi aukera eskaintzen ditu: lau astez filmatzeko RED Epic kameraren eta Primo lente lagapena edo 10.000 euroko mailegua Panavision materiala alokatzeko.
Berariazko epaimahai batek, euskal zentroetako ikasleek eratuta, HUHEZI Mondragon Unibertsitateko irakasle batek koordinatuta eta Orona Fundazioko Garapen Zuzendaritzak zuzenduta 5.000 euroz esleituta dagoen Orona Saria banatuko du Topaketan parte hartzen duen laburmetrai berritzaileenari.
Gaur, ekainaren 1etik aurrera eman ahal izango da Topaketan izena online. Data honetatik aurrera formularioa eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketarekin lotutako beste informazio batzuk Zinemaldiaren (www.sansebastianfestival.com) eta Tabakaleraren (www.tabakalera.eu) webgune ofizialetan egongo dira eskuragarri. Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 1ean bukatuko da.
Zinema Ikasleen Nazioarteko XVI. Topaketa Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren legatuaren parte da.