Iaz, 62. Donostia Zinemaldiko ohorezko epaimahaikide izendatu genuen Oleg Sentsov zinemagile ukrainarra, Europako Zinema Akademiak haren askapena eskatzeko abiarazitako kanpaina bultzatze aldera; izan ere, 2014ko maiatzaren 10ean Errusian atxilotu zuten, Kieveko Euromaidanen protestak babesteagatik. Duela aste batzuk albiste latz baten berri izan genuen: Sentsovi 20 urteko kartzela-zigorra ezarri diote. Gertaera tamalgarria; adoregabetzen gaituzten bakoitzean gertatu moduan, galdearazten digu ea, errealitatearen aurrean, ezertarako balio al duten halako keinuek. Zorionez, berehala iritsiko zaigu erantzuna: bizi garen mundu honek oraindik ere pairatzen dituen gorreria eta intrantsigentziak gorabehera, ez al litzateke ba zinema-jaialdi baten helburua izan behar inguruko zorigaitzen hots-kutxaren lanak egitea? Bai eta munduko profesional guztien elkargune pribilejiozkoa bihurtzea ere; filmen eta ikusleen artekoa, hor kanpoko munduaren eta gure egunerokotasun txiki honen artekoa.
Donostia Zinemaldiko 63. edizioak premisa hori du abiapuntu: hala eta guztiz ere eta direnak direla ere, zerbait mugitzen dela, honelako ekitaldi bat antolatzen den bakoitzean zer edo zer alda daitekeela. Beste urtebetez, mundu osoko zinemagile garrantzitsuenak bilduko ditugu Sail Ofizialean. Gizakiari eta gizarteari buruz duten ikuspegi partikularra eskainiko digute, ikuspuntu desberdin ugaritatik; gizarte-dramatik zinema politikora, komediatik animazio-zinemara: Terence Davies, Lucile Hadžihalilović, Liu Hao, Mamoru Hosoda, Joachim Lafosse, Jean-Marie eta Arnaud Larrieu, Philippe Lesage, Rufus Norris, Rúnar Rúnarsson, Peter Sollett, Levan Tutberidze eta Ben Wheatley. Zuzendari Berriak saileko talentu nabarmenak ere Europako, Amerikako eta Asiako hainbat lekutatik iritsiko zaizkigu, begirada freskoz eta aurreiritzirik gabe so egiteko familiari, nerabezarora igarotzeko errito mingarriei nahiz gaur egungo gazteria estutzen duen etorkizunaren egoera negargarriari. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako parte-hartzaileengan ere ikus daitekeen joera bat; beren lehen lanetan, gazte talde horrek argi utzi du aurrera doala kamera batekin istorioak kontatzeko gogoa, belaunaldiz belaunaldi.
Zabaltegiko programak ere zinemagile erabat heterodoxoen lanen berebiziko aukera bildu du: Laurie Anderson, Jem Cohen, Anca Damian, Andrés Di Tella, Eric Khoo, Jean-Gabriel Périot, Corneliu Prumboiu, Walter Salles eta Alexander Sokurov, besteak beste. Eta aurtengo atzera begirako tematikoa, azken hamabost urteetan ekoitzitako Japoniako zinema independente berriari eskainia: gizarte eta kultura japoniarraren barrena ibilbide liluragarri bat egiteko aukera emango digu, eta berretsi egingo du, horrela, zinemak gu beste munduetara hurbiltzeko eta horiek hobeto ulertarazteko duen ahalmena.
Era berean, 2015 urte bikaina izan da Espainiako zinema-ekoizpenari dagokionez, eta hala jaso dugu Zinemaldiaren edizio honetan. Aurten, sail desberdinetan, zinemagile hauen film berriak aurkeztuko ditugu: Asier Altuna, Alejandro Amenábar, Fernando Colomo, Álex de la Iglesia, Cesc Gay, Paula Ortiz, Marc Recha, Imanol Uribe, Pere Joan Ventura eta Agustí Villaronga. Euskal produkzioa ere ikusgaiago da Zinemira sailean, eta zinemagile hauen filmak estreinatuko dira mundu mailan: Gorka Bilbao Ramos, Pablo Iraburu Allegue eta Migueltxo Molina Ayestarán, Lara Izagirre eta Josu Martínez.
Bien bitartean, gero eta estuagoak dira Espainiako eta Latinoamerikako zinemaren arteko harremanak, bai koprodukzioaren bitartez, bai bi aldeei komuna zaien merkatu eta audientzia baten sorreraren bitartez. Zinemaldiak ezin du alde batera utzi prozesu hori babesteko zeregina, dela Sail Ofizialean talentu latinoamerikarrak sartuz –Pablo Agüero eta Federico Veiroj, kasu–, dela Horizontes Latinos sailaren bitartez. Aurtengo edizioan, 2015ean Latinoamerikan ekoitzitako zinemaren errepertorio erabat ikusgarri bihurtu da sail hori. Baina Zinemaldiak alderdi industrialari erreparatuz ere sustatzen du Espainiako eta Latinoamerikako zinemagintzaren arteko batasuna: Zinema Eraikitzen ekimenak postprodukzio fasean dauden filmei laguntza ematen die; Europa-Latinoamerika IV. Koprodukzio Foroaren bitartez, berriz, bi kontinenteon arteko baterako proiektuak garatzen dira. Bai eginak dauden filmak, bai egiteke daudenak sustatzea; horra hor zinema-jaialdi baten zereginaren erakusgarri garbiena: gauzak mugiarazten laguntzea.