Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta SGAE Fundazioak Zinemaldiaren baitan Euskadiko Orkestrak eskainiko duen filmetako soinu banden kontzertua aurkezten dute aurten ere. Aurreko alditan Orkestraren Miramongo egoitzan izan ostean, aurtengoan, berritasun modura, kontzertua Belodromoan izango da. Hitzordua, irailaren 19 larunbatean eguerdiko 12etan. Sarrera doakoa da.
Belodromora eramatearen aldeko apostuak dimentsio zabalago bat ematen dio zinema eta musika uztartzen dituen topaketa honi: batetik, edukiera nambarmen handitzen da, 2500 jarleku izateraino; bestetik, kokapen berri honek eskaintzen dituen aukera teknikoen artean, nabarmentzekoa da 400m2ko pantaila. Gainera, leku-aldaketa honek kontzertua Zinemaldiko gune nagusienetariko baten programazioaren baitan kokatzen du.
Kontzertuaren egitarauak Alfonso de Vilallonga, Fernando Velázquez, Joan Valent, Pascal Gaigne eta Alberto Iglesiasen soinu banden zatien aukeraketa biltzen du; soinu bandak honako filmetarako sortutakoak dira: Blancanieves (Pablo Berger), Zipi y Zape y el club de la canica (Oskar Santos), Las Brujas de Zugarramurdi (Álex de la Iglesia), honetan Donostiako Orfeoiko hainbat kide ariko delarik; Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga), Lasa eta Zabala (Pablo Malo) eta Pedro Almodóvarren Todo sobre mi madre, Hable con ella, La mala educación eta La piel que habito. Horrezaz gain, kontzertuak irudizko osagai gehigarria izango du: Orkestrak Roman Gottwalden gidaritzapean zuzenean interpretatuko duen musika entzungai izango diren soinu banden oinarri diren filmeen eszenen aukeraketarekin sortutako muntaketaren proiekzioarekin uztartuko da. Muntatze hau kontzerturako espreski sortu du Carlos Rodríguezek (Morgan Crea). Belodromoko eszenatokian bilduko dira gainera soinu banden egileetariko batzuk.
Euskadiko Orkestra Belodromoan berriz ere. Urte eta urteetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoa modu ezberdinetan izan da Zinemaldian: 1998an Belodromoan bertan kontzertu bat eskaini zuen Lalo Schifrin, Mission Impossible-erako musikaren sortzailearen zuzendaritzapean. Bestalde, musikaz lagundu ditu The crowd (King Vidor), Carmelo Bernaolaren musikaz, eta Wings (Zamecnik) filme mutuak eta Zinemaldirako zenbait sintonia ere grabatu du. Zinemaldiaren azken aldietan, berriz, Orkestrak Fernando Velázquezek The Impossible (Juan Antonio Bayona) luzemetrairako idatzitako soinu banda estreinatu zuen zuzenean; eta SGAE Fundazioarekin batera antolatutako kontzertuetan, besteak beste Pájaros de Papel (Emilio Aragón), You’re the One y Tiovivo c. 1950 (José Luis Garci), Los crímenes de Oxford (Álex de la Iglesia), Frío sol de invierno (Pablo Malo) o Alatriste (Agustín Díaz Yanes) pelikuletako musika interpretatu du. Halaber, El mal ajeno (Oskar Santos) eta Ocho apellidos vascos (Emilio Martínez Lázaro) filmetako soinu bandak grabatu ditu. Eta berriki Aitaren Etxea, ETBren fikziozko telesail berriaren soinu banda irartu du; telesail hau Zinemaldiaren baitan aurre estreinatuko da.
Roman Gottwald, konpositore, interpretatzaile eta zuzendariak lehenbiziko aldiz zuenduko du Euskadiko Orkestra. Soinu banden sortzaile eta zuzendari artistiko bezala ibilbide nabarmena egina du dagoeneko. Esaterako, konpositore eta orkestratzaile jardun zuen Blancanieves filmerako soinu bandaren sorkuntzan; filmea zuzeneko musikaz estreinatu zen, bera zuzendari izanik, Bartzelonako Gran Teatre del Liceu antzokian. Azkenaldian EEBBetan eta Asian barrena aritu da Antonio Canalesen Flamenco ikuskizunean biolinista gisa.
Sarrera doakoa da eta beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea, irailaren 12tik 18ra, Zinemaldiak Elkargunean eta Okendo Plazan dituen informazio guneetan, 9:00etatik 20:00etara eta 10:00etatik 20:00etara, hurrenez hurren; eta baita Donostia Turismoa bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara eta igandean, aldiz, 10:00etatik 19:00etara.
Irailaren 19 larunbata, 12:00etan. Donostiako Belodromoa
Alfonso de Vilallonga (ukelele, akordeoia eta pianoa)
Blancanieves (Pablo Berger)
Fernando Velázquez
Zipi y Zape y el club de la canica (Oskar Santos)
Joan Valent
Las Brujas de Zugarramurdi (Álex de la Iglesia) /Donostiako Orfeoiko kideen esku-hartzearekin
Pascal Gaigne
Loreak (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga) / Lasa eta Zabala (Pablo Malo)
Alberto Iglesias
Suite “35mm” - Todo sobre mi madre, Hable con ella, La mala educación, La piel que habito (Pedro Almodóvar)
EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA; Roman Gottwald, zuzendaria
Alfonso de Vilallonga musikagile balioaniztuna da. Isabel Coixeten eskutik murgildu zen soinu-banden munduan; haren Cosas que nunca te dije, A los que aman, Mi vida sin mí eta Ayer no termina nunca filmeetarako musika sortu du. Bostongo Berklee College-en egin zuen musika doktoregoa. Besteak beste, lankide izan ditu halaber Jesús Mora (Mi dulce), Ramón de España (Haz conmigo lo que quieras), Manolo Matji (Horas de luz), Fernando León de Aranoa (Princesas), Brad Anderson (Transsiberian) eta Pablo Berger (Blancanieves); azken filme honetarako sortutako soinu bandarekin Jatorrizko Musika Onenari Goya Saria eskuratu zuen banda; berau izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko dituenetariko bat. Info+ alfonsovilallonga.net
Fernando Velázquezek 30 soinu bandatik gora idatzi ditu pelikulatarako. Konpositore egokikorra - Lope, Andrucha Waddington-ena; Agujeros en el cielo, Pedro Mari Santosena; Spanish movie, Javier Ruiz Calderarena eta abar- eskarmentu handia du beldurrezko generoan: Los ojos de Julia, de Guillem Moralesena; Mamá, Andrés Muschiettirena; Devil, John Erick Dowdleena, edo El orfanato, Juan Antonio Bayonak zuzendua. Berriz ere Juan Antonio Bayonarekin lan egin zuen Lo imposible filmean; honen arrakastaren ostean, 2013an Oskar Santosen Zipi y Zape y el club de la canica filmerako soinu banda idatzi zuen; azken hau kontzertuan entzungai izango da. Azkenaldian, Emilio Martínez Lázaroren Ocho apellidos vascos luzemetrairako musika (Euskadiko Orkestrak grabatu zuena) eta Brett Ratnerren Hércules filmearen soinu banda idatzi ditu.
Joan Valentek 20 filme baino gehiegoren soinu bandak konposatu ditu 90eko hamarkadaren bukaeratik. Ordutik Álex de la Iglesia, Antonio Chavarrías, Agustí Villaronga, Sigfrid Monleón bezalako zuzendariekin egin du lan eta ¿Cuánto pesa su edificio, Sr. Foster? dokumentalean eskuhartu du, besteak beste. Musika-ikasketei dagokionez, biolontxelo, piano, analisi, konposizio eta zuzendaritza ikasketak burutu zituen Palma de Mallorca, Bartzelona eta Los Angelesen. Irabazi dituen sarien artean, Musika Klasikoaren Interprete Onenari Musikaren Saria Ínsula Poética diskoagatik eta Tolosako (Frantzia) Espainiako cinema Jaialdian Jatorrizko Musika Onenari Saria. Iaz Alejandro González Iñárrituren Birdman pelikularen soinu bandako bi doinuren sorkuntzan esku hartu zuen. Info+ www.joanvalent.com
Pascal Gaignek soinu banden arloan ibilbide luzea egina du jada; horren erakusle dira berak idatzitako musika duten 85 luzemetrai, laburmetrai eta dokumentalak. Horien artean, Víctor Ericeren El sol del membrillo; Icíar Bollaínen Flores de otro mundo eta Katmandú, un espejo en el cielo; Gracia Querejetaren 7 mesas de billar francés; Julio Médemen La pelota vasca; Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak eta 80 egunean edo Pablo Maloren Lasa eta Zabala. Bere sorkuntzak hainbat alditan izan dira sarituak: Buenos Airesko Jaialdiko Urrezko Palma Salvador Garcíaren El otro barrio filmearako musikarengatik, Zinema Konpositoreen Europar Federakuntzak (FFACE) emandako Europar Soinu Banda Onenari Saria, Daniel Sánchez Arévaloren Azul oscuro casi negro filmearen miskari esker. Info+ www.pascalgaigne.com
Alberto Iglesiasek zinemarako soinu banden sorkuntzan lan eskerga egina du. Hollywoodeko Akademiaren Oscar sarietarako, Golden Globe Awards edo BAFTA (British Academy of Films and Television Arts) saridungai izendatua izan izanak eta, besteak beste, Espainiako Zinemaren Arte eta Zientzien Akademiaren 10 Goya Sari irabazi izanak 30 soinu bandatik gora biltzen dituen ibilbide emankorra bermatzen dute. Espainian Pedro Almodóvar, Julio Medem, Iciar Bollaín, Bigas Luna edo Carlos Saura zuzendariekin egin du lan. Nazioarte mailan, aldiz, John Malkovichen Pasos de baile, Oliver Stonen Comandante, Fernando Meirellesen El jardinero fiel, Marc Fosterren Cometas en el cielo, Tomas Alfredsonen El topo eta Steven Soderbergen Che filmetarako musika idatzi du, besteak beste. Info+ albertoiglesias.net
SGAE Fundazioa Zinemaldian
Donostiako Zinemaldiarekin eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin antolatutako musika emanaldi hau irailaren 19an gauzatuko da eta SGAE Fundazioak Zinemaldiaren 63. edizioaren baitan aurreikusi dituen ekimenen artean bat dugu. Nazioarteko zinemagintzaren ospakizun donostiarra irailaren 18tik 26ra ospatuko da, helburua, kasu zehatz honetan, gazteleraz egiten diren filmak proiektatzea, zabaltzea eta sustazea; bide batez, hurbiltzerik ez duten zinema maitaleri ere aukera ezberdin bat eskeintzea.
Era honetan, aurten hirugarrenez, Made in Spain deritzon atala antolatu da, non urtean estreinatu diren Estatu mailako (edo Estatuko ekoizpeneko) hainbat filma ematen diren, guztiak, Zinemaldiaren nazioarteko euskarri ezinhobetik pasatzen direnak eta lehen mailakoak. Denera hamaika pelikulaz ari gara.
Honez gain, SGAE Fundazioak berak izen bereko zikloa antolatzen du Madrilen, Berlanga Aretoan hain zuzen ere, irailaren 21etik 27ra (Andres Mellado 53 kalean eta 3 euroren truke). Abagune honetan azken urteotako Zinemaldietan parte hartzerik izan duten film bilduma emango da.