Aurten Sebastiane Sariak bere 16. edizioa Zinemaldian parte hartzen ospatzen du; hamasei urte LGTB kolektiboaren errealitateak, askatasunak, eta aurrerapen sozialak hobeto islatzen duen ekoizpena saritzen. Epaimahaia Gehituko kideak osatuko dute, eta lehendakaria Nizako In&Out festibalaren arte zuzendaria den Benoît Arnulf izango da.
Bestalde, Sebastiane Sariaren edizio honetan beste bi jarduera gehiago antolatu dira Donostiar lehiaketa honetan:
2015ko Irailaren 25an, arratsaldeko 19.00tan, Kur galerian emango den 16. Sebastiane saria lortzeko hautagaiak hauexek dira:
EL REY DE LA HABANA
Sail Ofiziala
Zuzendaria: Agustí Villaronga
Herrialdia: España - Rep. Dominicana
Agustí Villarongak Pedro Juan Gutiérrezen izen bereko eleberria egokitu du. Zentzategi batetik alde egin ostean, Habanako kaleetan bizirauten saiatuko da Reinaldo, Kubako gizartearen hamarkada txarrenetako batean; 90ekoan. Noragabeko ibilaldi horretan, itxaropenak, desengainuak, rona, umore ona eta, batez ere, gosea izango ditu bidelagun, harik eta, bera bezala, bizirauten saiatzen ari diren Magda eta Yunisleidy ezagutzen dituen arte. Bataren eta bestearen besoetan, inguruko miseria material eta moralaz ahazten saiatuko da, amodioa, pasioa, samurtasuna eta sexurik lotsagabeena muturrera eramanda.
FREEHELD
Sail Ofiziala
Zuzendaria: Peter Sollett
Herrialdia: EEUU
Julianne Moore, Ellen Page, Michael Shannon, Steve Carell eta Josh Charles dira benetako gertaera batean oinarritutako film honen protagonistak. Laurel Hester-en eta Stacie André-ren arteko amodio-istorioa eta justizia lortzeko borroka. New Jerseyko polizia-kide ohoratu bati, Laureli, minbizia diagnostikatu diote, eta bere izatezko bikote Stacieri utzi nahi dio urtetan irabazitako pentsioa. Baina konderriko legegileek ez dute begi onez ikusten bikote homosexuala, eta haiei aurka egiteko konspiratuko dute. Dane Wells detektibeak eta Steven Goldstein aktibistak bikotearekin bat egin, eta hala polizia-kideak nola herritar arruntak bilduko dituzte berdintasunaren aldeko borrokan.
BARASH
Zuzendari Berriak
Zuzendaria: Michal Vinik
Herrialdia: Israel
Hamazazpi urteko Naama Barash nerabeak izugarri maite ditu alkohola, drogak eta lagun taldearekin irtetea. Etxetik alde egin nahi du; gurasoak eztabaidan dira beti, eta ejertzitoan sartu den ahizpa menderakaitza desagertu egin da halako batean. Institutura neska berri bat iristen denean, Barash lehenengo aldiz maiteminduko da, eta esperientzia horren indarrak nahastu egingo du, baina, aldi berean, zentzu berri bat emango dio bere bizitzari.
EL CLUB
Horizontes Latinos
Zuzendaria: Pablo Larraín
Herrialdia: Chile
Pablo Larraínek Epaimahaiaren sari Nagusiaren Zilarrezko Hartza eskuratu zuen Berlineko azken zinema-jaialdian film honekin. Lau gizon batera bizi dira, kostako herri txiki bateko etxe isolatu batean. Iraganean egin zituzten bekatuak garbitzeko bidali dituzte hara.
DESDE ALLÁ
Horizontes Latinos
Zuzendaria: Lorenzo Vigas
Herrialdia: Venezuela
Armandok 50 urte ditu; Caracas-eko kaleetan gizon gazteak bilatzen ditu, eta berekin etxera joateko ordaintzen die. Gainera, maiz espiatzen du gizon zaharrago bat ere; dirudienez, iraganeko loturaren batek lotzen ditu biak. Egun batean, Elder ezagutuko du. Hamazazpi urteko gazte bat da, malandro-talde baten buruzagia. Veneziako zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatutako filma
TE PROMETO ANARQUÍA
Horizontes Latinos
Zuzendaria: Julio Hernández Cordón
Herrialdia: Mexico - Alemania
Julio Hernández Cordónen film berria Locarnoko zinema-jaialdiko lehiaketarako hautatu dute. Miguelek eta Johnnyk txikitatik ezagutzen dute elkar. Patinatzen eta ondo pasatzen ematen dute denbora. Diru erraza lortzeko eta patinatzen jarraitzeko, beren odola salduko diote kontaktu klandestino bati. Jarduera hori negozio bihurtuko da, tratu garrantzitsu bat haiek uste ez bezala ateratzen den arte.
MARIPOSA
Zabaltegi
Zuzendaria: Marco Berger
Herrialdia: Argentina
Tximeleta baten hegal-astintzeak bi errealitate paralelotan zatituko du Rominaren eta Germánen unibertsoa: haietako batean, ezkutuan elkar desio duten neba-arrebak bezala haziko dira; bestean, berriz, adiskidetasun bitxi bat duten bi gazte izango dira. 2015eko Sebastiane Latino sariaren irabazlea.
LEHIATIK KANPO:
PARADE
Japoniako zinema independente berria 2000-2015
Zuzendaria: Isao Yukisada
Herrialde: Japonia
Urte: 2009
Berlineko zinema-jaialdian aurkeztutako film hau lau pisukideri buruzko azterketa zorrotz bat da. Haien bizitzak errutinazkoa eta lasaia dirudi, harik eta bosgarren bat iritsi, eta bizi diren sistemaren hauskortasuna agerian uzten duen arte. Nor da etxeko bosgarren pisukidea? Bera ote da auzoan dabilen serie-hiltzailea?