"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioan Marco Berger zuzendari argentinarraren Mariposa filmak hirugarren Sebastiane Latino saria jasoko du eta Zabaltegi sailean emango dute. Sariak lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen aurreko urtean estreinatutako Latinoamerikako film luze bat aintzatestea du helburu.
Sebastiane Latino sariak sexu- eta genero-aniztasuna ondoen ordezkatzen duen filma errekonozitzen du, aurreko urtean estreinatua betiere. Sari honek primeran islatzen du aurten 16 urte beteko dituen Sebastiane sariak eta Donostia Zinemaldiak Latinoamerikako ekoizpenei ematen dieten babesa.
Hona hemen epaimahaiaren arrazoiak saria adierazitako filmari emateko:
Hirugarren Sebastiane Latino sariaren epaimahaiak erabaki du 2015eko aintzatespena Marco Bergerrek zuzenduriko Argentinako Mariposa filmarentzat izatea.
Epaimahaiak azpimarratu egin nahi du hasierako erabaki batek sortuko lituzkeen balizko bi egoeren historia kontatzeko eginiko gidoiaren eta muntaketaren egitura zorrotza.
Era berean, Marco Berger ere saritu nahi du bere nortasun-markari eusteagatik. Izan ere, marka horrek eragin du Berger Argentinako queer zinemaren adierazleetako bat izatea. Eta horren bitartez lortu du sortzaile honek naturalismoa eta fantasia elkargurutzatzen diren giroa irudikatzea, gogorarazita edozer errealitatetan azalera daitezkeela tentsio sexuala, aitortu ezin diren desioak eta beldurrak. Mariposa filmean, bestalde, lehen aldiz ematen zaio protagonismoa neska batek eta mutil batek osatutako bikoteari.
Istorio koral eta korapilatsua da, lehenengo maitasun bat ere intzestu-harreman bat izan daitekeena; gay-maitasunezko istorio bat, bizitasunez eta umorez betea. Sari honen bitartez, hirugarren Sebastian Latino sariaren epaimahaiak eskerrak eman nahi dizkio Marco Bergerri, naturaltasuna aukeratu izanagatik publikoak filmarekin konektatzea errazteko elementu filmiko gisa.